Dantzari hasi, txistulari segi
1956ko uztailean jaio zen Jose Inazio Sarasua. Ume zela hasi zen dantzan, Elgoibarko Izarran, eta ordukoak dira bere lehen oroitzapenak musika eta dantzarekin, eta baita lehen argazkiak ere. Adibidez, ondoko irudi hau, 1965koa. Ezkerrean Jose Inazio Sarasua ageri da, erdian Aitor Argarate, eta eskuman, orain gutxi zendu berri den Hasier Etxeberria. Bi kultur gizon, bi elgoibartar, belaunaldi berekoak eta egun gutxiren buruan biak joan zaizkigu.
Musikarako zaletasuna bazuten Sarasuaren etxean, izan ere, bi anaiak, Jesus Mari eta Jose Inazio aritu dira musikari, bai Elgoibarko Txistulari Bandan eta bai Mauxitxa txarangan ere, gaztetan. Antonio Azpiazurekin jardun zuen txistua ikasten Jose Inaziok, eta berehala hasi zen dantza taldean txistulari lanetan. Udal Txistulari Taldeko zuzendari izan da hainbat urtez.
Txistulari bidean, Ansola familiaren bidea miresten zuen Jose Inazio Sarasuak eta maiz izaten zituen gogoan haien ikusi eta entzun izan zituen garaiak. Musikari handiak ziren, serioak, teknika bikaina eta dotorezia ziurtatua izaten zen haien emanaldietan. Haien eredura joan zen sendotzen Elgoibarko txistulari banda eta Ansola anaien lana goraipatu eta omendu zuen aukera izan zuen bakoitzean.
1985ean, Elgoibarko Haritz dantzari taldeko zuzendaritza hartu zuen. Txosten zorrotz eta sakona prestatu zuen, dantzaren eta dantza taldeak egin zezaken bidea proposatuz, eta hori gauzatzeko bere burua aurkeztuz. Lan sakon eta sistematiko baten hasieran izan zen. Lurdes Odriozolarekin elkarlanean dantza taldea lan diziplina zehatz eta teknikoan barneratu zen. Juan Antonio Urbeltz eta Argia dantzari taldearen babesean hainbat dantza eta errepertoriotan sakontzeko aukera izan zuten, eta 1988tik aurrera Argiak prestatzen zituzten ikuskizunetan Haritzeko dantzari eta musikariak parte hartzen hasi ziren: Confolens-eko emanaldi berezian, Zortziko, Alakiketan, Kondharian, Pas de Basque... gaur arte iraun duen elkarlanaren oinarriak jarriz.
Donostiako Argia dantzari taldeaz gain erreferentziazkoak jotzen zituen beste bi dantza talderekin bideratu zituen harremanak, eta hiruren laguntzarekin eta Jose Inazio Sarasuaren lan zorrotzarekin joan zen hazten Elgoibarko taldea. Galdakaoko Andra Mari taldearekin hainbat dantza ikasi zituzten Elgoibarko dantzariek. Baita Portugaleteko Elai Alaikoekin ere, eta horiekin gainera, Nazioarteko Folklore Jaialdia Elgoibarren antolatzeari ekin zitzaion. 30 edizio bete ditu Folkore Jaialdiak, eta Elgoibarko kultur ekitaldi nagusietakoa da, Jose Inazio Sarasuak ezarritako arrastoari segida emanez hiru hamarkada bete dituena.
Argi zuen Jose Inazio Sarasuak, dantza taldea herriari zor zitzaiola, eta herriko ekitaldi garrantzitsuenetan presente izatez gain, arreta berezia jarri izan du beti auzoetako eskaerei erantzuten. Horren adibide dira San Migel auzoko festak, Murkaikupe frontoiarekin berarekin batera, joan baitzen hazten Haritzek bertan eskaintzen zuen emanaldia.
Haritz dantzari taldearen errepertorioa zabaltzeaz gainera, espezializatzera jo zuen Jose Inazio Sarasuaren zuzendaritzapean, eta Gipuzkoako dantzetan berezitu zen taldea. Han eta hemen eskainitako emanaldietan Gipuzkoako dantzen ordezkaritza gorpuztu zuten Haritzeko dantzariek Sarasuaren eskutik. Tartean, Elgoibarren bertan, Kilometroak 96 festaren egitaldi egitarauan egindako emanaldian.
Ekitaldi entzutetsu eta distiratsuak, bata bestearen ondotik antolatzeko gaitasun izugarria erakutsi du Jose Inazio Sarasuak, maiz anaia Jesus Marirekin batera, tandem bikaina osatuz. Eta aldi berean, eguneroko lan xumeenak, igande goizetako txistularien dianak adibidez, duintasun handienarekin eskainiz eta gozatuz.
Protokoloetan espezialista, aurreko belaunaldiek egindako ekarpena ongi ezagutu eta balioan jartzen zuen, eta beti zekien bilatzen unea, kultur alorrean lanak eta ekarpenak egindako musikariei, dantzariei eta ikertzaileei harrera goxoa eskaini eta egindako lana eskertzeko.
Haritz Euskal Dantzari Taldearen sorrera, San Bartolome eguneko aurreskua bizirik iraun-arazteko asmoarekin ulertzen zuen, eta beraz, horixe zuen berak urteko emanaldi kuttunena, eta bere lan eta jakitate guztia aplikatzeko unea.
Errosarioko ezpata-dantza martxan jartzeko ezinbestekoa gertatu zen bere lankidetza, eta taldearen esker ona jaso du orain hilabete batzuk, 2016ko ezpata-dantzan hain zuzen. Ohi zuen kemenarekin eskerrak eman eta dantzari eta txistularientzat zorion eta animo hitzak izan zituen Errosariako Amaren ezpata-dantzaren domina berezia jasotzerakoan.
Ezinezkoa gertatzen zaigu lau hitzetan Jose Inazio Sarasuak Haritz euskal dantzari taldeari egindako ekarpena isladatzea. Jakina, dantza taldeaz gain, Elgoibarko Udal txistulari bandako zuzendaritza, Euskal Herriko Txistulari Elkarteko idazkaritza, Elgoibarko Musika eta Dantza Fundazioko lehendakaritza, Euskal Herriko Mendizale Federazioko idazkaritza eta beste hainbat ardura eta lan modu harrigarrian jorratu ditu, eta guztietan arrasto sakona eta ezin estalizko hutsunea utzi digu. MIla esker Jose Inazio.
- Jose Inazio Sarasua hil da, Haritz dantzari taldeko zuzendaria izandakoa (Dantzan.eus)
- Jose Inazio Sarasuari elkarrizketa Barren astekarian (2000ko iraila).
- Jose Inazio Sarasua deja la dirección del grupo Haritz de Elgoibar (2000-09-26) El Correo.
- «Creo que dejo el grupo en una situación muy estable y asentado» (2000-10-08) El Correo.