Hamaika Litera

Erabiltzailearen aurpegia Hamaika Litera 2017ko ira. 19a, 13:20

Hamaika Literarekin behinola kide izan ginen Urruzuno literatur taldeari keinu egin nahi diogu.

Taldeko kideok sortu genuen izen bereko aldizkari bat, Hamaika kontu literetan zuzeneko emankizuna taularatu genuen Toletxen, Urruzunoren begi ezkutua (gerora Urruzunoren luma) atala izan genuen BARRENen, eta urtean behin literatur astea antolatu genuen herrian, aldiro gai bat ardatz hartuta. 1998an Elgoibarko Izarrak bultzatuta abiatutako hari 2005ean eman genion azkena, atzean utziz ibilbide xume, baina bere xumetasunean oparo bat.  Haren parte izan ginen tarte ezberdinetan dozena bat elgoibartar:  Jasone Osoro, Jon Eugi, Ion Garate, Iñigo Otaño, Mikel Artola, Joseba Esnaola, Amaia Urtzelai, Ainhoa Lendinez, Uxue Alberdi, Maite Uriarte, Eguzkiñe Aranbarri, Unai Villena.

loterra komunitatea lehena  Literaturarekiko zaletasunagatik egin genuen, aritzeko gogoz eta beharrez, gerora ulertuz haren guztiaren benetako balioa: irakurtzea/idaztea gogoko genuenontzat babeslekua izan zen talde hura; bestela hain bakartia den jarduera sozializatzeko tokia. Oraindik irakurle klubak batere hedatuta ez zeuden garai haietan, kluba eta eskola izan zen hura guretzat, terapia modu bat, bakarrik ez sentitu eta letrekiko gure grina konpartitzeko aukera.
Oraingoak ez du moldean harekin zerikusirik; bai, ordea, funtsean. Urruzuno Literatur talde hura osatzen genuenetako batzuk elkartu gara, herrian literatura zaletasunaren garra piztuta mantentzen laguntzeko helburuarekin. Hasteko, Danobatek emandako diru-laguntza bat baliatuz, hiru saio antolatu ditugu 2017ko udazkenean, Euskal Herriko punta-puntako idazleak gonbidatuta:

  • Irailak 20, asteazkena, Musika Eskolako auditoriumean, 19:00etan: Arantxa Iturbe eta Harkaitz Cano, Uhinak gure kontu, literatura eta fikzioari buruzko elkarrizketa ezohiko bat.
  • Azaroak 15, asteazkena, Musika Eskolako auditoriumean, 19:00etan: Kirmen Uribe eta Alaine Agirre, Gaur da gero, Jasone Osorok moderatutako idazletzari buruzko mahai-ingurua.
  • Abenduak 15, ostirala. Kultur Etxeko sotoan, 20:00etan: Linbotarren itzalak ate ostean ikuskizun musiko-literarioa, Asier Serrano, Antxon Sarasua eta Miren Fernandezekin.

 

Ekimena martxan jartzeko balioko digute saioek, asmoa izanik hurrengo urtean jarraipena ematea, herriko jendea batuta eta herrigintzan diharduten elkarteekin elkarlanean, urtero bi-hiru saio antolatuz.
Ekimenaren osagarri izango da hainbat eskutara idatzitako blog hau. Bertan, oraingoz, nagusiki 2017ko emanaldien berri emango dugu: saio bakoitzaren aurretik, berotzen joateko informazioa; ostean, aldiz, jazotakoaren kronika.
Lehenengo saiorako sarrerako gisa, hona irakurgai gomendagarri pare bat:

Honaino aurkezpen post hau; gustu baduzu, hurrengo saioan ikusiko dugu elkar!