Miren Amuriza idazle eta bertsolariak egin zituen aurkezpen-lanak, eta libururako 'Astoaren arrantza', 'Suma y sigue eta kitto', 'Minaren gela' eta 'Abarka' istorioen kontalari izan duen Angel Ugarteburuk ere parte hartu zuen aurkezpenean. Era berean, beste hiru kontalari onen grabazioak ere eman zituzten, entzuleen gozamenerako: Nerea Ibarzabal, Andres Alberdi eta Miren Amuriza berarenak.
‘Belarriko kilkerra’ liburuan ahoz kontatu eta belarriz jasotako testuak bildu ditu Alberdik, Begoña Durrutyren ilustrazioekin jantzita. Inguruan dituen kontalari onek kontatutako istorioak dira asko, ‘Ahotsak’ webgunean arrantzatutakoak beste zenbait eta badu tartean berea duen bat ere, aitonari hartutakoa: Arma.
Mende bete biltzen duten istoriak daude 'Belarriko kilkerra' liburuan, eta ahozkotasuna, transmisioa eta memoria dira liburuaren hiru zutabe nagusiak. Goseaz, lotsaz, beldurraz, ausardiaz, elkarri ematen diogun tratuaz, penaz, krudelkeriaz, pudoreaz… ari dira istorioak, eta lau atal nagusitan banatu ditu: Marrubi-lapurretan, Zerurako eskailera da, Minaren gela eta Ispilua.
Liburuaren nondik norakoak azaldu zituen Alberdik aurkezpenean, eta esan zuen “liburu akzidental bat” dela Belarriko kilkerra. Alberdik kontatu zuen fikziozko ipuin batekin “trabatuta, egoskortuta eta frustratu” zegoela, aitak itxialdian bidali zizkien ahozko mezuekin gogoratu zela eta hasi zela haietatik gustukuen zituenak idatziz ematen, ahoz zeukaten grazia bera lortu asmoz. Eta ariketa hura jolasa bihurtu zitzaion. Halaxe, inguruan zituen kontalari onak tentatu zituen eta hasi zen kilker haiek kontatutako istorioak biltzen. Horietako 60 ekarri ditu liburura.