EITBk urtero egiten duen ekimen solidariorako aukeratutako kausa ez da gaixotasun bat izan, gai zabalagoa bat baino: Zahartze osasuntsua. Hala, Bizi bedi bizipoza! lelopean, ondo bizitako bizialdi luze baten alde egin nahi du 2025eko EITB Maratoiak. "Izan ere, kontua da, ez bakarrik urte gehiago bizitzea, baita urte horiek hobeto bizitzea ere", azaldu zuten ekimenaren aurkezpenean, abenduaren 12an. Aurkezpen ekitaldi horretan parte hartu zuen Joserra Ezenarro elgoibartarrak, Nagusilaneko presidenteak. Eta, dantzan ere egin zuen aurkezpenean parte hartu zuten gainerako lagunekin batera, eta baita robot batekin batera ere. Izan ere, EITB Maratoiak 14 orduko etenik gabeko dantza-maratoia egin zuen atzo lau hiriburutan, eta ekimen hori aurkeztu zuten.
