Eibarko Urki taldea, 1978an sortua, iaz igo zen Gipuzkoako Ohorezko Erregional Mailara, inoiz egon den kategoria altuenera. Zapatuan Mintxetan jokatu zuten, estreinakoz, CD Elgoibarko talde nagusiaren aurka, Haundiren aurka. Hortaz, partida berezia izan zen; lehendabizikoz elkarren aurka jokatzeagatik, derbia izateagatik, baina, bereziki, palkoan gertatu zen berezitasun batengatik, Jesus Altzaga aita-semeak baitira klub bateko zein besteko presidenteak: aita Urkikoa eta semea CD Elgoibarkoa. Halakoak futbolaren munduan gutxitan izaten dira, eta partida aurrekoan biekin elkartu zen BARRENA, haien bizipenak jasotzeko.
Gorriz markatuta egutegian
Izen-abizenak eta kargua partekatzen dituzte, eta presidente izateko arrazoiak ere batzen ditu: semeengatik hartu zuten ardura. Asteburu bete-betea izan zen altzagarrenean. Bezperan ere elkarren aurka jokatu zuten Urkik eta Elgoibarrek, Lehen Erregional Mailako taldeek, hain justu. Eta altzagar batek ere jokatu zuen partida hura, bataren semea eta bestearen iloba denak. Asteburu hau gorriz markatuta zuten egutegian, denboraldi hasieran egutegiaren zozketa egin zutenetik. Halere, aitortu dute partida aurreko egunetan ika-mikarako aukera gutxi eduki dutela, semea Alemanian egon baitzen zapatura arte, lan kontuengatik. Aitarentzat baino bereziagoa zen partida harentzat, 26 urtera arte Urkiko jokalaria izan zelako. "Bihotza erdibituta bai, baina Haundik irabaztea nahi dut, zaleei ere zor diedalako. Gero, noski, gainerako partida guztiak irabaztea opa diot Urkiri".
Elgoibartarren eta eibartarren arteko norgehiagoka
Urkiko presidenteak gogora ekarri duenez, Elgoibarren eta Eibarren arteko derbiek oihartzun handiagoa zuten lehen. "Pikea handiagoa zen; zaleentzat tren bereziak ere ipintzen zituzten, barren!". Aitak garai haiek joanak direla uste arren, semea ez dago erabat ados. Uste du lehia bizi haien txinparta ez dela guztiz itzali; Elgoibarren, batik bat. "Elgoibarrera bizitzera etorri nintzenetik, familiako bazkarietan abestu dizkidate kirol lehia horri buruzko abestiak. Elgoibarko jokalari izan zen osaba Iñakiren hileta elizkizunaren aurretik, tanatorioan, abestu zituzten horietako batzuk. Badakizu, Eibarrek dirua bai, baina ezin irabazi elgoibartarrei... eta antzerako hitzak dituzten kantak". Eibarren bizi zenean ez zuen halako grinarik nabaritzen, pisu txikiagoa zuen bi herrien arteko norgehiagoka horrek. "Eibarren ez genuen Elgoibar gure aurkari nagusi moduan ikusten, kategoria desberdinetan baitzeuden. Eibarren hiru futbol talde daude, eta Eibartarrak taldea da Urkiren aurkari gogorrena, SD Eibar baino gogorragoa".
Urki, izaera bereziko kluba
Izena ematen dion auzoko klub xumea da Urki, larre motzean bizirautera ohitutako kirol-taldea, gaur egun 11 talde eta 200dik gora jokalari izatera iritsi den arren. Baliabide urriekin baina ilusio handiarekin egin dute aurrera. Auzokoen ekimenez sortu zuten kluba, 1975ean, eta Txus Altzagaren izena hasieratik egon da lotua klubaren izanari. 1980. urtean sartu zen zuzendaritzan, eta, lau urte geroago, 1984an, Luis Miguez ordezkatu zuen presidente karguan. Lau hamarkadatik gora daramatza klubaren gidaritzan, eta, 88 urte beteak dituen arren, erabateko inplikazioz dihardu. Akorduan du autobidea egiteko obretatik soberan geratu zen hondakindegi batetik sortu zutela futbol zelaia, boluntarioen lanari esker. "Hainbat gurasoren lan nekaezinari esker iritsi gara gaurdaino, eta helburu berberekin jarraitzen dugu: seme-alabei futbolaz beste modu batean gozatzeko eta bizitzeko aukera ematea, talde baten parte sentituz eta nortasun-sentimendua sortuz". Ume garaian bestelako klubetan baztertuta geratu ziren jokalari asko jaso izan dituzte Urkin. "Urkiren lana ez baita soilik maila onean aritzeko jokalarien prestatzea, komunitatean integratzea eta bigarren aukera bat ematea ere bai".
Lan boluntarioa, apalduta
Aita-semeak bat datoz lan boluntarioak eta militantziak bizi duten gainbeherari dagokionez. Semeak beti ezagutu du aita presidente lanean. Gertutik ezagutu ditu haren burukominak, baliabide faltari aurre egiteko egin behar izan dituen ahaleginak. "Eskatu eta eskatu aritu naiz beti", dio presidente beteranoak. "Eta presidente bezain beste izan naiz peoi; kartelak ateratzeko diru eske tabernetara joan, horiek itsasten aritu... denetarik egitea tokatu zaigu", gaineratu du. Lana erruz egin duela aitortzen dio semeak aitari, eta oroimenean iltzatuta ditu aita etxera triste eta haserre iristen zen egunak. "Taldearen gorabeherek loa ere kentzen zidaten hasieran, gauza bakoitzari dagokion garrantzia ematen ikasi nuen arte; eskarmentua bezalakorik ez dago". Partidetan, baina, urduri jartzen da oraindik ere. Nerbioak baretzeko badu ohitura bat: kafe bat eta karajillo bat hartzen ditu partiden aurretik, eta Mintxetara eginiko bisitan ere eutsi zion ohiturari.
Zergatik presidente?
Presidente izateak dakartzan aje eta zailtasun guztiak kontuan hartuta, agerikoa da galdera: zergatik hartu du semeak aitaren bidea? Lehenago aipatu moduan, bi seme ditu klubean, eta haiek izan ziren pausoa ematera bultzatu zutenak. "Aurreko zuzendaritzakoek lagatzera zihoazela adierazi zutenean, emaztearen oniritziarekin kuadrillako lagun batzuk limurtu nituen zuzendaritza osatzeko. Sartu, sartu ginen, baina ez nuen espero honek duen tamaina izango zuenik. Dagoen talde kopuruagatik, bereziki: ia 500 jokalari! Ezustekorik handiena, baina, zale beteranoek Haundiri dioten maitasun sentimendua da; ez nuen uste, bizi ez nuelako, beharbada, Haundirekiko atxikimendua horren handia zenik zaleontzat". Aitaren bidea hasi bai, baina argi du hark adina irauteko asmorik ez duela, "inondik inora ere". Irmo dio lau urterako sartu zela. Alboan duen aitak irribarre egin dio, baina ez du ideiaz aldatzera animatu. Badaki zerbait.
CD Elgoibarrek dituen erronka nagusien artean, presidenteak uste du leku faltarena dela premiazkoena: "Datorren urtean hiru talde gehiago eduki ditzakegu, eta ez daukagu entrenatzeko espaziorik denentzat. Beste futbol zelai bat behar dugu talde guztiei lekua egiteko". Leku falta horri lotuta, jokalariei eta gurasoei eurentzako lekurik ez dutela esatea da kargutik gogorrena egiten zaiona. "Batzuk onartzen dute eta beste batzuk ez. Ez da esateko samurra hamalau urteko mutil bati futbolean ezin duela jarraitu".
Derbia etxean geratu zen azkenean, Elgoibarrek 2-0 irabazi baitzion Urkiri.
