Hilero egongo da NANa eta pasaportea berritzeko aukera Elgoibarren

Ainhoa Andonegi 2025eko abenduaren 17a

Datorren urtetik aurrera hileko bigarren ostegunean etorriko da Polizia Nazionalaren unitate mugikorra Elgoibarrera, eta herritarrek NANa eta pasaportea izapidetzeko aukera izango dute, aurrez txanda hartuta. 

DOKII zerbitzuak funtzionamendu-dinamika berri bat ezarriko du urtarriletik aurrera elgoibartarrei dokumentazio ofiziala izapidetzen laguntzeko. Zerbitzu honi esker Administrazioa herritarrengana gerturatuko da, dokumentazioak berritzeko herriz aldatu beharra ekidituz. 

Unitate mugikorrak hileko bigarren asteko ostegunean emango du zerbitzua Elgoibarren. Hurrengoa beraz, urtarrilaren 15ean izango da, baina Udaletik jakinarazi dute egun horretarako txanda guztiak beteta daudela dagoeneko. Hurrengo hilabeterako txanda hartzeko sistema ere zehaztu dute, herritarrek jakin dezaten noiz zabaltzen diren zitak: DOKII zerbitzuaren bisita egunaren ondorengo astegunetik aurrera hartu ahal izango da txanda. Hortaz, otsailerako txanda hartu nahi duenak urtarrilaren 16tik aurrera izango du aukera. 

Informazio gehiagorako edo txandak erreserbatzeko Herritarren Arreta Zerbitzura jo behar da: 943 741 050 edo arreta@elgoibar.eus