DOKII Dokumentazioko Ibilgailu Integralen Zerbitzuaren bulego ibiltaria Elgoibarrera iritsiko da azaroaren 27an, herritarrei Nortasun Agiri Nazionala (NAN) eta Pasaportea berritzeko aukera errazteko. Gipuzkoa erdialdeko bizilagunei zerbitzua emateko sortu zuten zerbitzu hau, Donostia, Eibar edo Irunera joateko zailtasunak dituzten pertsonen beharrei erantzuteko.
Kalegoen plazan jarriko dute bulegoa azaroaren 27an (eguena), eta 09:00etatik 13:30era emango dute bertan zerbitzua. Interesdunek, hori bai, hitzordua eskatu behar dute Elgoibarko Udalean, izan Herritarren Arreta Zerbitzura joanda edota telefonoz 943 741 050 telefono zenbakira deituta. Udaletik jakinarazi dute agiriak berritzeko egin beharreko ordainketa guztiak eskudirutan egin beharko direla. Era berean, herritarrei gogoratu diete dokumentazioa berritzeko argazki bat eraman behar izaten dela. Argazkiak koloretan egindakoa izan behar du, eta fondo zuria izan behar du.
- Ordaindu beharrekoak:
NAN: 12 euro
Pasaportea: 30 euro
Familia ugariak: doan
NAN digitala eta ziurtagiri digitalak eguneratzeko aukera ere egongo da, aurrez izena eman beharrik gabe.