Piriniotako azken glaziarren egoera zein den azaltzen dute Glaziarrak agurtzen dokumentalean, bai eta izan duten bilakaera ere. Bilakaera hori teknologiarik modernoenak erabilita azaldu dute, hiru dimentsiotako errealitate birtuala erabilita. Xabier Eizagirre zarauztarra eta EITB Lab izan dituzte horretan lanean. Lau ataletako dokumentala da, eta gaurtik ikusgai dago Primeran plataforman. Piriniotako lau menditako glaziar ikonikoak ezagutu ahalko ditugu bertan, Eñaut Izagirre elgoibartarraren eskutik: Infiernos, Vignemale, Aneto eta Monte Perdido.
Elgoibartar gehiago dokumentalean
Aurkezle, gidari eta anfitrioi lanak egin ditu Izagirrek, eta bera izan da dokumentalaren irizpide zientifikoen jagole ere. Hala ere, ez da bera izango dokumental honetan agertuko den elgoibartar bakarra. Izan ere, dokumentaleko ataletako batean, Infiernos glaziarrari eskainitakoan, Elgoibarko Txitxibilaldiak emakume mendizaleen taldeko lau lagun ere agertzen dira Izagirrerekin batera: Izaskun eta Mari Jose Estibaritz ahizpak, Rosa Mata eta Maritere Arakistain.
Iker Larrañaga mendizalea eta Arrasateko Bideolan ekoiztetxeko kidea da dokumentalaren zuzendaria. Berea izan zen ideia, eta bera izan zen Izagirrerekin hartu-emanetan jarri zena ere, dokumentalak eskatzen zuen berme zientifikoa ziurtatzeaz arduratuko zen galdetzeko. Bien artean eman zioten forma dokumentalari eta saldu zioten EITBri produktua. Begira Produkzioak batu zen orduan lantaldera eta ondu dute denen artean dokumentala. 2024an grabatu zuten, eta glaziar bakoitzak lurreko edo planetako elementu jakin bati egiten dio erreferentzia, sua, ura, lurra eta aireari.
- Sua da Infiernos. Izenarekin ere lotura zuzena du suak eta erreferentzia egiten dio, baita ere, Eñaut Izagirre beraren barne-suari: zergatik duen horren gustuko mendia, nola hasi zen glaziarrak ikertzen, zer eragin izan zuten gurasoek harengan... eta hori guztia testuinguruan jartzera datoz Elgoibarko Txitxibilaldiak taldeko lagunak: Eñauten ama Izaskun Estibaritz, haren ahizpa Mari Jose, Rosa Mata eta Maritere Arakistain.
- Ura Vignemale da. Ura da glaziarren elementu nagusia, urteetan zehar pilatutako elur eta izotzez osatutako egiturak diren neurrian, eta atal honetan glaziarren masa-balantzeak, glaziarren atzerakada... aztertuko dute. Vignemalera egindako bidaia honetan Mikel Sarasola piraguista donostiarrak eta Oihana Azkorbebeitia mendiko korrikalari abadiñoarrak hartu dute parte.
- Airea da Aneto. Aireak errepresentatzen du "airean dagoena", askotan ikusten ez duguna, klima aldaketa esaterako. Baina aireak erreferentzia egiten dio, baita ere, efimeroa den horri, desagertzear dagoen horri. Bidaia honetan Arnaitz Fernandez metereologo eta Euskal Telebistako Eguraldia saioko aurkezleak parte hartuko du. Elkarrekin egin zuten Eñaut Izagirrek eta biek Anetora arteko bidea.
- Lurra da Monte Perdidoko glaziarra, eta atal honetan Piriniotako Ekologia Institutuko lankideekin, Jesus Revuelto eta Nacho Lopez Morenorekin, agertzen da Eñaut Izagirre, landa-lanean. Atal horretan, Aralarrera ere joango dira Asier Hilario geologoarekin, Monte Perdidoren eta Aralarren arteko loturak azaltzera. Aralarren azalduko du Hilariok zenbateraino diren antzekoak Perdido eta Aralar, eta baita non egon zen Arritzagako glaziarra ere.
Glaziarrak, denbora gutxirako
Dokumentalaren harira mezu argia bidali du Eñaut Izagirrek. Gozatu behar dugula Piriniotako glaziarrez, ahal dugun bitartean, denbora gutxirako ditugulako. BARRENi emandako azken elkarrizketan Izagirrek zioen glaziarrak metro bat mehetzen direla urtean eta gehienez hogei bat urte geldituko zaizkiela Piriniotako glaziarrei, baina ohartarazi du azkeneko urteetan, eta bereziki 2022 eta 2023. urteetako uda bero haietan, mehetze hori azkartu eta handitu egin zela, hiru bat metrotraino. Eta horrek, jakina, etorkizunari buruz egindako proiekzioei ere eragin die.