Zapatuan jokatuko dute Lizagasar erronkaren bigarren edizioa

Barren 2024ko ira. 3a, 16:58

Antxitxikariak Lizagasarreko sagastietan, Lizagasar erronkaren lehen edizioan. Arg: Denis Saiz Saborido.

Lizagasar Sagartokixak eta CATT Morkaiko taldeak sagastietan barrena jokatzen den lasterketa berezia antolatu zuten iaz, estreinakoz, eta berrikuntza handi batekin dator bigarrengoa, Lizagasarrekoek upeltegi berria inauguratuko baitute lasterketaren egunean.

Upeltegi berriaren inaugurazio egunarekin bat egiteko hilabetez aurreratu dute proba CATT Morkaikokoek. Zapatu honetan, irailaren 7an, izango da eta egun osorako egitaraua prestatu dute antolatzailek. 12:00etan irekiko dituzte Lizagasarreko ateak eta upeltegi berria bisitatzeko aukera izango dute gerturatzen direnek. Eraikin berria barrutik ezagutu eta Lisagasarrekoek ekoizten dituzten produktuak dastatzeko aukera izango dute. 
Kirol erronka arratsaldean izango da. 17:30etik aurrera egingo dute dortsal banaketa eta 18:30ean jokatuko dute erronka.
Iazko formato bera edukiko du lasterketak. CATT Morkaiko taldeko kideak bakarrik lehiatuko dira, eta aurten Mendaroko Lizarpe mendi taldeko kideak ere gongidatu dituzte parte hartzera. Lizagasarren 60 sagasti sail daude, 30 aldapan gora eta beste 30 aldapan behera, eta horietan arituko dira antxitxika partehartzaileak 8 kilometroko ibilbidean. Desnibel positiboa 750 bat metrokoa izango da. Iazkoan 30 partaide lehiatu ziren eta Iñaki Goenaga eta Lorea Totorika izan ziren azkarrenak.

Antolatzaileak, CATT Morkaikoko ordezkariak eta Lizagasar Sagartokikoak.

Era berean, txikienentzako erronka ere antolatu dute, iaz egin zuten moduan. Zortzi urtera arteko neska-mutilentzako proba izango da eta 18:45ean hasiko da. Sari banaketa ekitaldia 20:15ean egingo dute, eta ondoren pintxopotea hasiko da, txaranga doinuek girotuta. Erronkako partaideek Lizagasar Sagartokian afalduko dute.

Kirola, sagardoa eta musika uztartuko dituen eguna izango dela azaldu dute antolatzaileek eta Lizagasarrera igotzera animatu dituzte herritarrak.

∞Lotura duten albisteak: