Jakinarazi dutenez, Udal Harrera Planaren barruan sustatuko dute emakume migratuak alfabetatzeko eta ahalduntzeko proiektua. 2024ko lehen seihilekorako 7.500 euroko aurrekontua izango du ekimenak.
Emakume migranteek hainbat oztopori egin behar izaten diote aurre, hala nola, gaztelania ez menperatzeak sortzen dien komunikazio arazoei, ikasketa mugatuak izateari lotutakoei, indarkeria matxistari..., eta bidea arintzeko bidea eman nahi diete. "Programak gune segurua eta lagungarria izan nahi du, haien beharrei kulturarteko eta genero ikuspegitik erantzuteko", adierazi dute Udaletik.
Maialen Gurrutxaga, Elgoibarko alkateak, eta Pili Iranzo, Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, Gizarte Zerbitzuetako teknikariarekin batera, bisita egin zuten Zabaltzen Sartu zentroaren egoitzara, eta han proiektuan parte hartuko duten hainbat emakumerekin berba egin zuten (beheko irudietan). Alkateak azpimarratu duenez, Elgoibarko Udalak konpromiso "sakona" du komunitate inklusiboa eta askotarikoa sustatzeko, "guztiontzako aukerak eskainiko dituena".
Bisita haren ostean, emakume haiek eta oztopoak gainditzeko erakutsi duten gaitasuna eta erresilientzia nabarmendu zituen Maialen Gurrutxaga alkateak eta esan zuen "inspirazio iturri" direla. Eta gehitu zuen: "Lanean jarraituko dugu Elgoibar guztiontzako harrera eta hazkunde lekua izan dadin, gizarte bidezkoago eta berdinzaleago bat eraikitzeko konpromisoa berretsiz".