Pertsonako urtean 4.000 litro ur aurrezteko asmakuntza banatu du Udalak

elgoibarren.net 2007ko api. 12a, 12:03

Ura aurrezteko kanpainaren barruan, famili elgoibartar bakoitzari Erreduktore Bolumetriko bat emango dio Elgoibarko Udalak. Komuneko zisternaren hondoan jartzen den urez betetako plastiko malguzko tramankulu honi esker, pertsona bakoitzak urtean 4.000 litro ur aurreztea espero dute udal agintariek, alegia, ur kontsumoa %12 murriztu ahal izatea.


 
Joan zen martitzenean (apirilak 10) hasi zen Udala Erreduktore Bolumetrikoak banatzen. Familia elgoibartarrek postontzian jasoko dituzte erreduktoreak.

Erreduktore bolumetrikoaren ezaugarriak:
 

Zisterna barruan sartu behar da  erreduktorea

• Pertsona bakoitzak urtean 4.000 litro ur aurrezten ditu.
• Zisterna erabiltzen dugun bakoitzean 1,5 litro ur aurrezten ditugu.
• Komuna da etxeko uraren %30 gastatzen duena. Hortaz, etxeko ur kontsumoaren %12 aurreztu daiteke asmakuntza honekin.
• Dirua aurrezteaz gainera, ingurumenean eragin txikiagoa izatea lortzen da.
• Metodo hau erabiliz gero, 400 lagunek urtean, igerileku olinpikoak hatzen duen ura aurrezten dute, Udalak emandako datuen arabera. 


Erabiltzeko modua:

Erreduktore Bolumetrikoaren lehen planoa

• Urez bete eta gatza bota (2 koilarakada).
• Zisterna hondoan jarri eta bertan laga behin betiko.
• Bere tamainaren pareko ur kopurua aurrezten du Erreduktore Bolumetrikoak.
• Bere diseinuari esker, zisterna guztietara egokitzen da bere mekanismoa hondatu gabe.
• Plastiko malguzkoa da eta apenas hartzen du bolumenik zisterna barruan.
• Instalatzeko ez da behar teknikaririk.
• Merkatuan dauden gainontzeko ur aurreztatzaile guztiekin bateragarria da.


Aholku praktikoak
:
Elgoibarko Udaleko Hirigintza eta Ingurumen Batzordeak ura aurrezteko hainbat aholku eta aurreztuko litzatekeen ur kopuruaren inguruko datuak zabaldu ditu:

-Hobe da dutxatzea bainatzea baino. (90 l.)
-Ura aurrezteko mekanismoak jarri. (20 l.)
-Garbigailua beteta dagoenean bakarrik erabili. (25 l.)
-Platerak eskuz garbitzen badituzu, ez eduki kanila irekita. (50 l.)
-Kanila itxi, hortzak eta eskuak garbitzen direnean edo bizarra kentzerakoan. (15 l.)
-Ontzi garbigailua, beteta dagoenean bakarrik erabili (75 l.)