Ermua eta Elgoibar batuko ditu tranbia zerbitzuak 2009an

elgoibarren.net 2007ko api. 13a, 10:09

Egun Eibar eta Ermua artean dagoen tranbia zerbitzua Elgoibarreraino luzatuko da 2009ko erdialderako. Hala aurreratu du Javier Carlos de Bergara, Euskal Trenbide Sarea (ETS), erakunde publikoko lehendakariordeak. Tranbia zerbitzuari esker 15 minuturo aterako dira trenak.

 
 
 
Tranbia, maiztasun handiko trenen zerbitzua da.
Eibar eta Ermua arteko tranbia zerbitzua duela 10 bat urte jarri zen martxan eta ehunka pertsonek erabiltzen dute egunero; lanera zein ikastetxeetara joateko. ETSko arduradunak oso gustura daude zerbitzu honen emaitzekin eta horregatik erabaki dute Elgoibarreraino luzatzea. Baliteke, gainera, aurrerago Mendaroraino ere iristea tranbia zerbitzu hau.

Eusko Tren XXI Plan Estrategikoaren baitan egingo da tranbia zerbitzuaren zabalkundea. Carlos de Bergara ETSko lehendakariordeak “Euskotren tranbiaren funtzionamenduarekin gustura” dagoela azaldu du Ser irratiari eginiko adierazpenetan. Honekin batera, tranbia zerbitzua hobetzeko asmoa dutela gaineratu zuen “dela trenen maiztasunean, zein zerbitzuaren kalitatean ”.

Egin beharreko lanak
Tranbia zerbitzua Elgoibarreraino luzatu aurretik hainbat aldaketa eta hobekuntza egin beharko dira. Hala nola, Eibarko Ardantza geralekuaren birmoldaketa (geltoki estali berria eraikiko dute), nasa gehiago eraiki eta trenak gurutzatu ahal izateko errailen desdoblamendua: Karakate mendiaren magalean eta San Lorentzo-Unibertsitate (Eibar eta Ermua arteko mugan) inguruetan.
10 kilometro inguruko trenbide zatian egingo lirateke hobekuntza lanak. De Bergararen berbetan, “trenen maiztasun handia dela-eta, gurutzatu ahal izan daitezen bi noranzko trenbideak eraiki beharra izango da lanik handiena”.