Gerra Zibila baino lehenagoko argazkiak behar ditu Udalak argazki zaharren erakusketa osatzeko

elgoibarren.net 2007ko api. 17a, 14:07

Euskal Jaien mendeurrena gogorarazteko egingo diren ekintzen artean, argazki zaharren erakusketa prestatuko du Elgoibarko Udalak, Ongarri argazkilari taldearekin batera. Udalak etxean antzinako argazkiak (Gerra Zibila baino lehenagokoak) dituzten herritarrei dei egiten die, uztailean egingo den erakusketan jarri nahi izanez gero, Udalarekin harremanetan jar daitezen.



Sasoi bateko bizimoduaren ispilu

Argazki zaharrez osatutako erakusketaren helburua da, antzinako argazkien bidez, gure herriko sasoi bateko bizimodua (lana, eskola, jaiak, erromeriak, kirol-jarduerak, ohiturak...) erakustea.

Herritarren laguntza beharrezkoa
Antolatzaileak saiatu dira handik eta hemendik argazkiak biltzen, eta dagoeneko, badituzte zenbait argazki hautatuta. Hala ere, interesgarria izango litzateke herritarrek etxean gordeta dituzten argazkiak erakusteko aukera izatea.

Argazkiak bidaltzeko
Elgoibarko Udaleko Euskara Batzordearekin harremanetan jarri: 943 744366 telefono zenbakira deituz, edo euskara@elgoibar.org helbidera mezu bat bidaliz.

Hala eta guztiz ere, argazkiak zuzenean ekarri nahi dituztenak Euskara Sailak Kultur Etxeko lehenengo solairuan duen bulegora bertaratu daitezke.