Salmentak %70 gutxitu direla salatu dute merkadilloko saltzaileek

elgoibarren.net 2007ko mai. 3a, 13:39

Merkadilloko saltzaileak ez daude gustura Sigman. Salmentak %70 murriztu direla eta elgoibartarrak ez direla azokara joaten salatu dute, besteak beste. Udal Hauteskundeen atarian, hautagaiei euren egoeraren berri eman eta jarrera bat edo beste hartzeko eskatu diete gaur (maiatzak 3), azokan bertan egin duten prentsaurrekoan.




Prentsaurrekoan esandakoak

10 hilabete pasa dira merkadilloko saltzaileak Sigmako aparkalekura joan ginenetik. Hortaz, egoeraren balorazioa egiteko nahikoa denbora iragan dela uste dugu.
Hainbat arrazoi tarteko, merkadilloak egun duen kokapena ez dela egokiena, azaldu izan dugu behin eta berriz hasieratik. Bertan pasatako denborak eta esperientziak ez geundela oker frogatu digute: Salmentak %70 jaitsi dira. Alegia, Plazan geundenean baino irabazi gutxiago eramaten ditugu etxera, lehengo irabazien heren bat baino gutxiago, hain zuzen ere.

1706641759834 Salmentak %70 gutxitu direla salatu dute merkadilloko saltzaileek

Elgoibartarrak apenas agertzen dira Sigmako merkadillora. Lehen hilabetean bai, lehen hilabetean tamainan agertu ziren erosleak; berrikuntzagatik, nola zegoen ikusteagatik edo kuriositatez. Bigarren hilabetetik aurrera, ordea, etortzeari laga zion jendeak. Eta etortzen diren apurrek esaten digutenenari kasu eginez gero, berriz, herritarrek ez dute Sigmara joan nahi, zerbait egin behar dugula eta horrela ezin dugula jarraitu esaten ei diete beraiei.
Zalantzarik ez zerbait egingo dugula, denok elkar hartuta, beti egin izan dugun moduan eta Elgoibarko herritarrek, gure bezeroek, esaten digutena aintzat hartuz.

1706641759920 Salmentak %70 gutxitu direla salatu dute merkadilloko saltzaileek

Bestalde, hauteskundeen atarian gaudela aprobetxatuz, udal hautagaiei gure egoeraren berri eman eta arazo honen inguruan jarrera bat edo beste har dezatela eskatu nahi diegu. Horretarako, azken 10 hilabeteen balorazioa egiteaz batera gertatutakoaren errepaso txikia egin nahi dugu. 
 
 
Marivi Agirregomezkorta alkateari esan nahi diogu, bera dela egoera guzti honen erantzule nagusia, eta bere alderdiak alkatetzarako berriz hautatu ez izana, zerbait gaizki egingo zuelako izango da. Argi daukagu merkadilloaren leku aldaketa dela-eta sortutako gatazka, berak sortutako gatazka, eta kalkulu falta izan direla berriz ez errepikatzeko arrazoi nagusienetakoak.

Eusko Alkartasunari: zuek ere erantzukizuna daukazue sortu den egoeran, ez zarete-eta Udal Gobernuak hartutako erabakiei zentzutasuna gaineratzeko gai izan. Udal Hauteskundeetara bakarrik aurkezteko asmoa duzuenez, promestutako gauza guztiez berba egiteko zain gaituzue. Sigmako aparkalekura joateko, probatzeko eta gauzak gaizki bazihoazen, merkadilloa plazara berriz itzultzeko beraiek pertsonalki eskatzeko prest zeudela esan ziguten, aurrez probatu egin behar genuela, baina. Halaxe egin dugu: Sigmara joan gara, lekualdatu gara, probatu dugu kokaleku berria, baina ez dira azaldu gurekin berba egitera eta zer moduz gauden jakitera. Zer nolako deskalabrua den ikusi dute, bai, baina ez dute honetaz txintik ere esan. BARREN astekariko azken alean gauzak beste modu batean egin zitezkeela baieztatzen dute. Hala bada, gauden egoera konpontzeko zer egiteko prest dauden jakin nahi dugu. Jon Peli Uriguen-i zuzenean galde egin nahi diogu, ia zer egiteko prest dagoen, elgoibartarrek nori botua eman erabaki ahal izateko jakin beharreko kontua dela irizten baitiogu.

EAJ-PNVren alkategai berriari, Alfredo Etxeberriari, alkate hautatzen badute zer egiteko asmoa duen galde egin nahi diogu: arazoari konponbidea emango dio, ala bere horretan lagako du merkadilloa, desagertzen den arte?
Merkadilloa lekuz aldatzea ez zela erabaki ona izan konturatzeko nahikoa denbora pasa dela uste dugu. Marivi eta bere Udal Gobernuaren kalkuluak ez ziren zuzenak. Ezin da erabakirik hartu gainontzekoak, eta, batez ere, kaltetuak izango direnak kontutan hartu gabe, kasu honetan asko baikinen kaltetuak (saltzaileok eta bezeroak, hau da, Elgoibarko edozein herritar).
Hala eta guztiz, EAJko udal agintariek merkadilloa leku egoki eta erosoan kokatuta dagoela baieztatzen dute BARREN astekariko azken alean. Iritzi horiek ez datoz bat, ordea, elgoibartarren iritzi orokorrarekin. EAJren talde berriak aire berriak ekartzea espero dugu.

1706641759961 Salmentak %70 gutxitu direla salatu dute merkadilloko saltzaileek

Gainerako alderdi politikoetako buruei ere zuzentzen gara, jarrera bat har dezaten eta esan diezagutela, bai saltzaileoi eta bai herritarrei ere, zer egiteko asmoa daukaten beraiek, hau da, zer egiteko prest dauden azken 10 hilabeteotan isilik, baina ez ahaztuta, egon den arazo hau behingoz konpontzeko. Elgoibartarrek eskubidea dute alderdietako hautagaiek gai honen inguruan pentsatzen dutena jakiteko, besteak beste.

Azkenik, Marivi eta bere Gobernu Taldeak Paquitoren aurka egindako mendekua publikoki salatu nahi dugu, honek merkadilloaren leku aldaketaren aurka erakutsitako inplikazioagatik. Alkateak, Paquitok lan egiten duen enpresa presionatu zuen lehenik, manifestazioetan parte hartzeari laga ziezaion eta kupoiak saltzeko etxetxoa plazatik kenduko ziola mehatxu egin zion. Azkenean hala egin du, Plaza Handian egin diren azken berrikuntza lanak aprobetxatuz, etxetxoa kendu du.


Elgoibarko merkadilloko langileen batzordea