Unai Arrieta: “Bada garaia etxetik kanpoko partidu bat irabazteko”

elgoibarren.net 2007ko mai. 3a, 17:49

Bidasoa-Irun eskubaloi taldeko kapitaina, Unai Arrieta elgoibartarra, datorren urtean Asobal Ligan jarraituko dutela sinistuta dago; nahiz eta talde historikoa maila galtzeko ataka larrian dagoen.
Bestalde, kontratua aurten amaitzen zaion arren, taldearen egoera larria ikusirik bigarren mailara zokoratzen du bere egoera pertsonala.



Bidasoa-Irun-ek asteburu honetan Algecirasen jokatuko duen partida hil ala bizikoa izango da, Asobal Liga amaitzeko geratzen diren gainerako 4 partidak bezalaxe.
Sailkapeneko zuloan, azken postuan, aurkitzen dira Julian Ruizen mutilak eta ia partida guztiak irabaztera derrigortuta daude maila mantendu nahi badute. Lantegi zaila izanagatik, hegaleko jokalaria itxaropentsu agertu da DV egunkariari eginiko adierazpenetan: “Etxetik kanpora partida bat irabazteko ordua da. Etxean txukun aritu gara, gutxi gorabehera. Etxetik kanpo, aldiz, puntu bakarra lortu dugu irteera guztietan, ligako estreinako partidan Arrateren etxean, hain zuzen. Ezin dugu liga horrela amaitu”.
Gainera, arerio zuzena da Algeciras (13. sailkapenean). “Beraiek ere kinka larrian daude. Espero dut oraingoan lortuko dugula horrenbeste behar dugun garaipena”. Salbazioa posible dela uste du kapitainak, “ Badakigu oso zaila izango dela, baina aukerak hor daude. Algecirasen irabaztea izan daiteke giltza. Han galduz gero, oraindik ere aukerak genituzke, baina gehiegi arriskatzen ariko ginake”.

1706641759446 Unai Arrieta: “Bada garaia etxetik kanpoko partidu bat irabazteko”

Dena ez dute alde bidasoatarrek, talde askorekin dituzten gol-average-ak ere aurka baitituzte.  “Partiduz-partidu joatea da onena. Lehenik irabazi, eta ondoren, gainerako aurkariek egin dutena ikusi”. Arrietaren ustez ezer ez dago erabakita, “dena asko alda daiteke, elkarrena urkako norgehiagoka asko daude-eta liga ondarrean”.
Algeciras, Torrevieja eta Logroño taldeen aurkako partidetan egongo da salbazioaren giltzarria.
 
Afizioaren babesa, sineztezina
BM Cantabriaren aurka joan zen asteburuan Artalekun irabazi zuten partidu erabakigarria ere gogoan du Arrietak, “Izugarria izan zen. Denbora zen Artaleku ez nuela horrela ikusten; publikoaren laguntza itzela izan zen. Hil ala biziko partida zela bagenekien eta horrenbeste porroten ondoren irabaztea askapen bat izan zen. Hala eta guztiz, irabaztea beste erremediorik ez genuen. Salbaziorako bidea hasi besterik ez genuen egin, hankak lurrean mantendu eta pausoz pauso joan behar dugu”. Bidasoa-Irun moduko talde historiko batek maila galtzeak zer ekarriko lukeen pentsatu ere ez du egin nahi, “badakigu gerta daitekeela, baina hobe da gaiari buelta larregi ez ematea, gure lanean zentratu ...eta kitto!”.

Kontratua denboraldi amaieran amaitzen zaio
Aurten amaitzen zaio Bidasoa-Irunekin duen kontratua eta ez daki jarraituko duen ala ez, “Taldea sailkapeneko egoera argitzeko zain dago. Kontratua amaitzen zait eta ez dakit zer pasako den. Nire etorkizunagatik kezkatuta nago, noski, baina sailkapenean dugun egoera ikusirik, nire egoera pertsonala bigarren maila batean dago”.