Mailaz igotzea lortu du 'Tecnifuelle' eskubaloi taldeak

elgoibarren.net 2007ko mai. 7a, 10:08

Joseba Sagastak azken segundoan sartutako gol bati esker lortu du Tecnifuelle, senior mutilen eskubaloi taldeak, Nazional Mailako lehen mailara igotzea. Colindresen (Kantabria) jokatutako Igoera Faseko talderik onena izan da Tecnifuelle.
Zaletuek demaseko harrera egin zieten atzo (maiatzak 6) jokalari eta teknikoei Plaza Handian. (Bideoak eta argazkiak ditu)





Tecnifuelleko mutilak udaletxeko balkoian

Lehen partida irabazi (barixakuan) eta bigarrena berdindu (zapatuan) ondoren, domeka goizean (maiatzak 6) jokatu zuen Tecnifuellek Igoera Faseko partida erabakigarria: Seis Do Nadal talde galiziarrari irabaziz gero, Nazional Mailara igotzea eskura zuen. 8 segunduren faltan, baina, 24na berdintzea lortu zuten galiziarrek. Hurrengo jokaldian, Joseba Sagasta jokalariaren gol batek zoramena piztu zuen Colindresera hurbildu ziren 150 zaletuen artean. Jaia Elgoibarreraino luzatu zen, asko izan baitziren Plaza Handian bildu ziren zaletuak taldeari harrera egiteko.
 
Igoera Fasea, pausoz-pauso
 

Igoera Faseko talde guztiak elkarrekin

 

Barixakua (maiatzak 4)
Tecnifuelle 26
• Calansancio 20

Elgoibartarrek nahiko erraz hartu zituzten mendean Errioxarrak. Konfiantza hartzen joateko partida aproposa. Beste partiduan, etxeko taldeak (Colindres) eta Seis Do Nadal talde galiziarrek berdinduta amaitu zuten euren arteko norgehiagoka. Partida gogorra, nekagarria, jokatu zuten eta polemikaz zipriztindua, galiziarrek arbitroek etxekoen alde egin zutela salatu baitzuten.


Zapatua (maiatzak 5)
• Colindres 24
Tecnifuelle 24

Partida oso gogorra eta orekatua, edozeinek irabaz zezakeena, baina berdinduta amaitu zena. Atsedenaldian ere 11na berdinduta joan ziren aldageletara. Harmailetan elgoibartarren aldeko animoak nagusi, 100 bat lagun joan baitziren Elgoibartik. Gainera, galiziarren animoak ere elgoibartarrentzat, hauei ere Tecnifuellek irabazteak komeni zitzaien-eta, mailaz igotzeko aukerak bizirik mantentzeko.

Domekia (maiatzak 6)
Tecnifuelle 25
• Seis Do Nadal 24

Hil ala biziko partida. Irabazten zuenak Nazional Mailan jokatzeko txartela eskuratzen zuen. Tecnifuelleko jokalari asko larri-larri ailegatu ziren zapatuko partida gogorraren ostean, baina gogo betez. Galiziarrak, berriz, freskoago ailegatu dira, partida erosoagoa izan baitzuten errioxarren aurka. Atsedenaldian 14 eta 11 irabazten zuten galiziarrek. Tecnifuelleren erreakzioa 2. zatian iritsi zen. Oraingoan ere zaletuen babesa jaso zuten elgoibartarrek, 150 herrikide inguru joan baitzen Colindres aldera. Azkenean, Joseba Sagastak azken segundoan sartutako golak eman zion garaipena eta igoera Tecnifuelleri.
 


Demaseko harrera, txaranga eta guzti
Zaletu eta herritarrek merezitako harrera egin zioten taldeari arratsaldeko 18:45ean Plaza Handira iritsi zirenean. Autobusetik jaitsi eta animo eta besarkada artean udaletxeko balkoira igo ziren jokalari, tekniko eta Sanlo klubeko agintariak. Mausitxa txarangaren doinu artean agurtu zituzten jokalariek herritarrak balkoitik. Handik jaitsi ondoren, udaletxeko arkupeek Txiki Egunean izan ohi duten itxura berreskuratu zuten, batez ere, Mausitxa trarangaren doinuei esker. Jokalariek dantza eta algara artean eskertu zuten zaletuen babesa eta harro erakutsi zuten Colindresen eskuratu zuten oroigarria. 
 
◊    BIDEOAK 
•     Ikus hemen Tecnifuelle taldeko jokalariak Mausitxa txarangaren doinuak dantzatuz udaletxeko arkupeetan
{google}1209465344697210187&cid{/google}
•     Ikus hemen Tecnifuelle taldeko jokalarien poza, barrutik, udaleko balkoian
{google}-5654928039966143625{/google}
 
 
◊    ARGAZKIAK
Elgoibarko eskubaloi talde batek sekula lortu duen lorpenik handiena izan da honakoa.  
 

1706641757683 Mailaz igotzea lortu du 'Tecnifuelle' eskubaloi taldeak

1706641757763 Mailaz igotzea lortu du 'Tecnifuelle' eskubaloi taldeak

 

1706641757847 Mailaz igotzea lortu du 'Tecnifuelle' eskubaloi taldeak

1706641757886 Mailaz igotzea lortu du 'Tecnifuelle' eskubaloi taldeak

 

 
Errifako zenbaki sarituak
Sanlo EKTk salgai jarri zituen errifaren zozketa egin da eta honako hau da zenbaki sariduna:
• Zenbaki sariduna: 3.380 zba.
*Erreserbakoa: 6122 zenbakia
Saria: Tenerifera bidaia 2 pertsonentzat