Uxue Alberdi garaile 'Plazatik Gaztetxera'ko lehen kanporaketan

elgoibarren.net 2007ko mai. 17a, 10:11

Uxue Alberdi elgoibartarrak irabazi du Plazatik Gaztetxera bertsolari gazteen VI. txapelketako lehen kanporaketa eta emaitza honi esker finalera zuzenean sailkatzea lortu du. Ekainaren 2an izango da finala Mutrikuko Gaztetxean. Bertsolari gazteei plaza berriak eskaini eta bide batez gaztetxeen arteko loturak sendotzeko asmoarekin jaio zen txapelketa da honakoa.




Debako bertso saioaren kronika laburra

Denetarik izan zuen Debako saioak, nahikoa saio gorabeheratsua atera zen, baina bertsolari guztiek utzi zuten gordetzeko moduko aleren bat edo beste. Ofiziokako lanetan Uxue Alberdi elgoibartarra eta Mikel Arrillaga eibartarra nabarmendu ziren. Aipagarriak Mikelek 8ko txikian eta koplatan bota zituenak, erantzuna erantzunari lotuz eta goitik behera bertsoa dotore betez. Bakarka ordea ez zuen asmatu eta Uxue Alberdik aurrea hartu zion bi bertso borobil kantatuaz.  Aipagarriak dira baita ere Julio Sotok ofiziotako lanean erakutsi zuen freskotasuna eta umore puntua eta Aitor Urbieta zarauztarraren tartekako ateraldi politak. Iñigo Arzelusek ez zuen bere egunik onena izan, huts dezente egin zituen binakako lanetan, baina bakarkako bi ale ederrekin zertarako gai den ere erakutsi zigun saioaren amaieran.  Bete-betean aritu ez izanagatik ere, Egoitz Alkorta mutrikuarrak erakutsi zuen ofiziotako lanetan erantzuteko daukan gaitasuna, eta koplatan bertsoaldi polita lotu zuen. Amaieran, Uxue Alberdi irabazle, puntu batera Mikel Arrillaga, eta atzeraxeago Julio Soto sailkatu ziren. Gai jartzaile lanetan, ohi bezala, Amets Carrillo debar gaztea aritu zen.

♦ Azken sailkapena:

1706641749474 Uxue Alberdi garaile 'Plazatik Gaztetxera'ko lehen kanporaketan

 
Uxue Alberdi        194,5 (Finalera zuzenean sailkatua)
*Mikel Arrillaga        193,5
*Julio Soto            180,5
*Aitor Urbieta        177,5
*Egoitz Alkorta        177,5
*Iñigo Arzelus        152,5
 

Ikusleen saria ere Alberdirentzat
Saio amaieran, ikusleek gustukoen izan zuten bertsolaria saritzeko aukera izan zuten. Hemen ere Uxue Alberdi izan zen irabazlea.

Hurrengo kanporaketak :
•    MAIATZAren 19an SORALUZEKO GAZTETXEAN
•    MAIATZAren 25ean ONDARROAKO GAZTETXEAN
FINALA
•    EKAINAren 2an MUTRIKUKO GAZTETXEAN
(*Kanporaketa bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da finalerako, eta gainontzeko hiru finalistak puntuazioaren arabera aukeratuko dira)
 
Soraluzeko saioa
Hurrengo saioa, datorren zapatuan (Maiatzak 19) Soraluzeko Gaztetxean izango da; bazkaria 14:30etan eta saioa 16:00etan. Bertsolariek burutu beharko duten lana ondorengoa da:
•    Ofizioka 3na bertso 8ko handian
•    Ofizioka 3na bertso 8ko txikian
•    Koplatan 4na kopla
•    Gai bati 2 bertso doinu eta neurri librean

Soraluzeko kanporaketan parte hartuko duten bertsolariak:
*Eneko Abasolo “Abarkas”
*Alaia Martin
*Eneko Baretxinaga
*Jokin Labaien
*Enaitz Alustiza
*Maddi Gallastegi