Azkoitiak Elgoibar kanporatu du Herriarteko Pilota Txapelketan

elgoibarren.net 2007ko mai. 21a, 10:27

Tanto-kopuruan lortutako aldeak (+23) eman dio sailkapena Azkoitiari Herriarteko Pilota Txapelketan. Azkoitiarrek odolkiak ordainetan eman zizkieten elgoibartarrei eta 2 eta 1 nagusitu ziren final-zortzietako kanporaketako itzulerako partidetan. Senior bikoteak bakarrik lortu zuen garaipena.

 
 
 
Joaneko partidetan lortutako emaitza onak ez dira nahikoa izan, azkoitiarrek kadete eta jubenil mailako partidetan tanto-kopuru nabarmenegiaz irabaztea lortu baitzuten, joan zen barikuan, Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatutako partidetan. Hain zuzen ere, tanto kopuruan egon da gakoa. Bi herriek hiruna partida irabazi dituzte elkarren aurka jokatutako final-zortzietako kanporaketan, baina egindako eta jasotako tanto kopuruari kasu eginez gero, 23 tanto gehiago egin dituzte Atano III.aren herrikideek.
Dena dela, Elgoibarrek duintasunez esan dio agur txapelketa prestigiotsuari, egungo txapelduna eta irabazteko faborito nagusienetakoa den herriaren aurka galdu baitu, tanto kopuruagatik, gainera.
 
Emaitzak:
Kadeteak: Azkoitia 22 / Elgoibar 0
Azkoitia: Patxi Gorosabel eta Joseba Zendoia
Elgoibar: Iñigo Plazaola eta Haritz Arribillaga

Jubenilak: Azkoitia 22 / Elgoibar 4
Azkoitia: Oier Epelde eta Josu Epelde
Elgoibar: Asier Lizarralde eta Kepa Arrizabalaga

Nagusiak: Azkoitia 11 / Elgoibar 22
Azkoitia: Markel Andueza eta Jon Orbegozo
Elgoibar: Iñaki Lazarobaster eta Eneko Loiola