Irteeran zenbat lagun elkartu ziren ezin ziurta dezaketen arren, “jende gutxi geratu zen atera gabe” jakinarazi digute Morkaiko Mendizale Elkarteko zuzendaritzatik. Egunean bertan 20 lagunek eman zuten izena, “egia esan ez genuen horrenbeste espero, eguraldi iragarpena kontutan hartuta”.
Eguraldia protagonista
Iragarpenek eguraldi hezea; euritsua eta trumoitsua iragarri zuten domekarako eta asmatu zuten. Hala eta guztiz, ibilbidearen lehen zatian hala moduzko eguraldia izan zuten parte hartzaileek: behe-laino artean egin zuten Karakaten gora, eta Irukurutzetara bitartean oso eguraldi ona izan zutela adierazi digute Morkaikotik. Bailararantz jaisten hasi zirenean, behe-lainoarekin topo egin zuten berriz, baina txarrena iristear zegoen. Altzolatik San Migelera bitartean harrapatu zituen ekaitzak parte hartzailerik gehienak. Kalamua bidean zihoan talde batek tximistak gertu ikusi eta San Migelera buelta ematea erabaki zuen babes bila. Antolakuntzak San Migelen jarritako gunean indar berritu eta atertu zuenean berriz ekin zioten bideari.
Aurreko egunetan egindako euriak eta sortutako lokatzak bidea are gehiago zaildu zuten. Ondorioak: pare bat erorketa Irukurutzetan behera eta lokatza Kalamuara bidean. Osterantzean, bide galtzeren bat edo beste kenduta, gorabeherarik gabe amaitu zen eguna.
Elgoibartar eta mendaroarrekin batera inguruko herrietako parte hartzaileak ere etorri ziren, hala nola: markinarrak, plaentxiarrak, zarauztarrak eta baita bi kataluniar ere.
◊ ARGAZKIAK:
*Hauek eta argazki gehiago jarriko ditugu laster ikusgai MEDIATEKA atalean