Ia 100 lagunek jarraitu zuten alkategaiekin mahaingurua
Elgoibarko alkatetzarako hautagai guztiak (PPkoa izan ezik) bildu
zituen BARREN astekariak mahai baten inguruan atzo (maiatzak 22) Musika
Eskolako auditorioan. Ia 100 herritarrek jarraitu zuten zuzenean 2
orduko iraupena izan zuen mahaingurua eta azken zatian alkategaiei
galderak zuzenean egiteko aukera ere eduki zuten.
Mahaikideak:
Alfredo Etxeberria (EAJ), Jon Peli Uriguen (EA), Unai Zulaika (EB-Aralar), Iñaki Odriozola (EAE) eta Ovidio
Campello (PSE-EE).
*Javier Nuñez, PPko alkategaia ere mahainguruan parte hartzera gonbidatuta zegoen, baina alderdiaren agindua jaso ondoren ez agertzea erabaki zuen.
♦
ENTRESAKAK:
Alkategaiek mahainguruan esandako guztitik entresaka txiki batzuk atera ditugu.
Alfredo Etxeberria (EAJ-PNV):
"Instituzioak zerbitzua euskaraz emateko gai izan behar dira: Udala, anbulatorioa eta gainerako guztiak. Baina guk ere autokritika egin behar dugu, ezta? Zein da erabiltzen dugun hizkuntza? Euskaraz izan behar da lehenengo hitza. Gazteek ikasketa guztiak euskaraz egiten dituzte, baina lan mundua erdalduna da. Hori konpondu behar da".
Jon Peli Uriguen (EA):
"Euskaran aurrerapauso handiak eman dira, proiektu asko daude martxan, ezagutza datuak onak dira. Kontseiluko datuen arabera, Elgoibar lehenengo 10 herrien artean dago, nahiz eta emaitza ez izan oso ona. Euskara ikasten duenak erabiltzeko aukera izan behar du eta hori bultzatu behar dugu. Udalaren zerbitzuetan eta barneko funtzionamenduan ere bai, toki guztietan".
Ovidio Campello (PSE-EE):
"Denon partetik jartzen badugu, gai hau konpondu daiteke, ni prest nago pausoak emateko eta alderdia ere bai. Ezin gara legearen kontra joan, baina Esker Abertzaleak Udalean parte hartzeko aukerarik baldin badago, nik ez dut oztoporik jarriko. Ezker Abertzaleak hauteskundeetan parte hartzea nahiko nuke, egoera honek, ezkertiar bezala kalte egiten digu-eta".
Iñaki Odriozola (EAE-ANV):
"Zerbitzuen pribatizazioak diskriminazioa bultzatu du, eta ez San Lazaro egoitzan bakarrik, Kiroldegian ere antzerako zerbait gertatu zen duela urtebete inguru. Eskuineko Udalen joera pribatizazioa da eta horrek desberdintasunak ekartzen ditu".
Unai Zulaika (EB Berdeak-Aralar)
"Udaletxeko batzordeen araudia aldatu egin behar da, parte hartzea normalizatu behar da. Erakundeek parte aktibo izan behar dute udaletxean. Politikoak herritarrek aurrera eraman nahi dutena bideratzeko pertsonak izan behar dira".
Mahaingurua argazkitan: