Guardia Zibilak Aritza Monasterio mendizalea jipoitu duela dio Amnistiaren Aldeko Mugimenduak

elgoibarren.net 2007ko mai. 24a, 17:03

Guardia Zibilak iraindu, mehatxatu eta jo egin zuela mendigoizale elgoibartarra jakinarazi du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM). Apirilaren 30ean gertatu zen, Lekeitioko irteerako kontrol batean, Granadan preso daukaten lagun bat bisitatu eta astebetera, hain justu. Perun bizi da Aritza Monasterio, baina azken asteak arrebaren etxean pasa ditu Ondarroan.
  • Ikus hemen: Berria.info webgunean ateratako albistea



Guardia Zibilak Monasterio jipoitu duela dio AAMk

Guardia Zibilak iraindu, mehatxatu eta jo egin zuen Aritza Monasterio mendizalea, Elgoibarko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez. Apirilaren 30ean gertatu zen, Lekeitioko irteerako kontrol batean, hain justu, Granadan (Espainia) preso daukaten lagun bat bisitatu eta astebetera. Mendizalea Perun bizi da, eta hilabete inguru pasatzera etorri zen Euskal Herrira, eta preso duen lagun bat bisitatzera joan zen. Handik astebetera Guardia Zibilak kontrol batean gelditu zuen, eta nortasun agiriaren bitartez jakin zuten bisitan izan zela astebete lehenago. AAMren arabera, orduan hasi zen mehatxu eta irain jarioa.
Guardia zibilak Monasterioren amaren kontra biraoka hasi zirenean, mendizalea mindu egin zela eta erantzun egin ziela azaldu du AAMk, eta orduan kolpeka hasi zitzaizkiola. Salatu dutenez, ukabilkadak eman zizkioten eta ukalondoekin ere jo zuten. AAMk jakinarazi duenez, besteak beste artean mehatxu hau egin zioten, gaztelaniaz: «Bi tiro emango dizkizugu, eta kareetan lurperatuko! Ez da inor konturatuko!». Handik, La Salveko kuartelera eraman zuten, eta hiru ordu eduki zuten han.
Perun dago orain Monasterio, eta oraindik ere osatzen ari da, bi saihets nahiko gaizki dituelako. Gainera, Guardia Zibilak salaketa jarri dio, autoritatearen kontrako atentatua egitea leporatuta, eta jakinarazi diote sei hilabete barru berriz etorri beharko duela, epaiketa egingo diotelako.
AAMk gogor salatu du guztia, garbi baitaukate Monasteriok ez zuela inor jo. Mendizaleak berak esan die atzera egin zuela kolpeak hartu ahala, inor ukitu ere egin gabe. Salatu dutenez, gero eta ugariagoak dira horrelako kasuak. Alegia, presoak bisitatzera joaten den eta haien alde lan egiten duen jendearen aurka egiten dutela.
*Iturria: berria.info