Ibon Mugica Hazruido.com lehiaketako irabazle

elgoibarren.net 2007ko mai. 25a, 13:13

Elgoibarren jaio eta Algortan bizi den Ibon Mugicak eta bere lankide Alex Dolarak, biak ere Eitbnet-eko langileak, irabazi dute Hazruido.com marketin birala Interneten saritzen duen lehiaketa. Beraiek sortu zuten todosconlapantoja.com webguneari esker, aparteko oihartzuna eduki dute Estatu mailan. “Amo a Laura” iragarkiak eta Zapateroren aulkiaren bideoak izan zuten antzerako oihartzuna lortu du proiektuak. 3 egunetan 120.000 bisitatik gora jaso zituzten.

 
 
Eskumuturreko bat eskaintzen zuten abeslariaren alde egiteko 
www.todosconlapantoja.com tantodun eskumuturrak oparituz abeslariaren alde egiten duen webgune ezagunak Hazruido.com lehiaketaren bigarren edizioa irabazi du. Marketin biralean dago oinarrituta txapelketa; webgune bat sortu eta denbora laburrenean ahalik eta bisita gehien jasotzea izan da helburua.
 
Demaseko arrakasta Interneten eta oihartzuna bihotzeko telebista saioetan 
Ibon Mugica eta Alex Dolara getxoztar gazteen kanpainarako martxan jarritako webguneak milaka bisita izan zituen lehenengo egunetan. www.todosconlapantoja.com domeinua maiatzaren 4an (ostirala) erregistratu eta bi egun geroago aireratu zuten. Une horretatik aurrera, Mugicak eta Dolarak proiektuari ekin zioten buru-belarri. Ondo ezagutzen dute Internet, EiTBnet enpresan lan egiten baitute, eta hiru egunetan 120.000 bisita baino gehiago izatea lortu zuten. Horrez gain, eskumuturrekoa lortzeko 15.000 eskaera baino gehiago jaso zituzten. Bihotzeko prentsako programa ugarik eta Estatu mailako zenbait egunkarik informazioa igorri zuten eta kanpainak fama handia lortu zuen. Pentsa, Aqui hay Tomate, Boris Izagirre, Carlos Latre, Ana Rosa Quintana eta beste hainbat telebista saio eta bihotzeko kazetariren eztabaidagai izan zen bi gazteok, "beste helburu batekin", sortutako ekimen hau. Webgunean amu bezala erabili zuten eskumuturrekoa (ez da existitzen) jaso zutela baieztatzen zuen jendea ere agertu zen telebistan.

Eskumuturra lortzeko 130.000 eskaera!
Gaurkoz, eskumuturrekoa lortzeko 130.000 eskaera baino gehiago izan ditu www.todosconlapantoja.com-ek, eta azkeneko hilabeteetan entzute gehien izan duen proiektuetako bat izan da.
 
Informazio gehiago: