Atxilotu dute txinatarren dendan lapurtu zuen ustezko lapurra

elgoibarren.net 2007ko eka. 6a, 11:44

Joan zen martxoaren 28an San Frantzisko kalean dagoen txinatarren arropa dendan lapurreta (Ikus www.elgoibarren.net) egin zuten ustezko bi lapurretako bat atxilotu eta kartzelan sartu dute. Barne Sailak jakitera eman duenez, E.O.R. 18 urteko gizonezkoa da atxilotua. Indarkeria eta larderia erabiliz lapurreta egin izana leporatzen diote.

 
 
Joan zen barixakuan (ekainak 1) atxilotu zuen Ertzaintzak lapurretaren ustezko erruduna. Eibarko Epaitegiaren eskuetan laga zuten eta honek kartzelan sartzea agindu du. Ustezko lapurraren etxebizitza miatzeko agindua eman zuen epaileak eta jatorri susmagarria duten hainbat objektu topatu zituzten bertan, hauetako batzuk Mutrikun gertatu zen beste lapurreta batekoak izan daitezkeenak, Ertzaintzak jakinarazi duenez.
Honako hauek dira susmagarriaren etxean aurkitu dituzten gauzak: zulatzeko makina batzuk, urpekaritzako tramankuluak, inpresora bat, DVD irakurgailua, e.a. Ertzaintzak objektu hauen eta beste batzuen jatorria argitzeko ikerketekin jarraitzen du.