Markel Bergara, Gorka Elustondo eta Dani Estrada jokalariek datorren urteko denboraldia lehen taldearekin hasiko dutela iragarri du talde txuri-urdinak. 21 urteko elgoibartarra talde donostiarraren aspaldiko apustua da, nazioarteko jokalaria izan baita kategoria guztietan. Vecindario taldean egin duen denboraldia ez da berak amestutakoa izan. Bata bestearen atzetik izan dituen lesioek, 5 guztira, ez diote bere talentua nahi beste erakusten laga. Hala izanik ere, Zubietako teknikoek jokalariaren inguruan osatu dituzten txostenak onak izan dira eta berriz Realera ekartzea erabaki dute.
Jadanik etxean dago Bergara, azkena izan duen zuntz-hausturatik sendatzen. Uda luze hau lesioetatik guztiz sendatzeko ondo etorriko zaiola uste dute prestatzaileek, azken urteetan atseden gutxi izan baitu selekzioarekin eta talde ezberdinekin jokatu behar izan dituen partidak direla-eta. Alfonso Azurza arduratuko da jokalaria sasoian jartzeaz.
Realarekin 2009. urtera arte dauka kontratua Markel Bergarak.