Zergatik frontoi berri bat?
Honako hauek dira Lagunak Pilota Eskolako kideek arauzko frontoi bat eraikitzeko ikusten dituzten arrazoi nagusiak:
- Elgoibarren dauden frontoiek ez dituzte arauzko frontoi batek beharko lituzkeen baldintzak betetzen. Gauzak horrela, ezin ditugu nahiko genituzkeen adina Txapelketa ofizial antolatu. Honen ildotik, San Anton Torneoa edo San Bartolome jaietako profesionalen arteko partida interesgarriak zuzenean botatzeko telebistekin harremanetan jartzen garen bakoitzean ere erantzun bera jasotzen dugu; Ikastolako frontoiak ez dituela gutxienezko baldintzak betetzen.
- Elgoibar industria indartsua duen herria izanik, zertan gaude gu arauzko pilotaleku baten jabe egin gabe, inguruotako edozein herrik bere frontoia eta kiroldegia behar diren baldintzetan dituenean? Elgoibar baino dezente biztanleria gutxiagoko herrietan ere ari dira arauzko frontoiak egiten. Elgoibarrek askoz gehiago merezi duelakoan gaude, gure pilotariek, beste kirol batzuetan dihardutenen moduan, pilota-jokoa lantzeko leku aproposa eta egokia eduki dezaten. Horrela egiten ez bada, alferrik izango da gazteei kirol maila handitzeko eskatzea.
- Pilotari batzuk beste herri batzuetara joatera behartuta daude, behar bezala entrenatu ahal izateko. Gure Pilotariak Mendaro eta inguruko herrietara joaten dira arauzko baldintzak dituzten frontoietan entrenatu ahal izateko.
- Esku pilotak izango luke lehentasuna frontoi berrian baina beste hainbat aktibitate egiteko instalazioak sortuko lirateke: Profesional eta afizionatu mailako txapelketak antolatu, bertsolarien saioak, dantza saioak, kontzertuak, modelo desfileak, trikitilariak, e.a.
- Pilotari handien jaioterria izan da Elgoibar: Artazo, Irureta, Zabala, Kortabitarte, Etxabe X, arriolatarrak eta abar luze bat. Gehiago etorriko badira ezinbestekoak dira instalazio egokiak.
- Begi bistakoa da pilotak Euskadin eta inguruetan daukan garrantzia eta pizten duen interesa. Telebistei eta prentsari begiratu bat ematea besterik ez dago. Euskal erakunde publikoek ere pilotaren inguruko liburuak editatzen dihardute, horren gurea den kirola mundu guztira zabaltzeko helburuarekin.
Udalaren erantzuna
Lagunak Pilota Eskolak frontoia eraikitzeko aproposak izan daitezkeen 8 kokagune ezberdin proposatu dizkio Udalari, baina jaso duten erantzunak nahiko “hotz” laga ditu pilotazaleak. “Jabetzen gara esku-pilota garrantzi handiko kirola dela, baina frontoi berri bat eraikitzea eta mantentzea oso garestia izango litzatekeela eta gaur egun, ezinezkoa dela Elgoibarko udal ekonomiarentzat erantzun zitzaigun Udaletik”.
Lagunak Pilota Eskola
• Pilotariak: 56
• Arduradunak: 7
• Presidentea: Pedro Aguirregomezcorta
*Lagunak Pilota Eskolako arduradunek musu-truk egiten dute lan, herriko gaztetxoen artean tradizio handiko kirola irakatsi eta zabaltzeko helburu bakarrarekin. Pilotarien gurasoen laguntza jasotzen dute zeregin honetan.