Azken boladan komunikabideetako eztabaidagai eta kezka iturri bilakatu den haitzuloaren inguruko berri zabala jasotzeko aukera izango da. Leizean egin diren aurkikuntzen xehetasunak, garrantzia eta bereizgarriak azalduko dituzte, besteak beste, Aranzadiko kideek (euskaraz eta gazteleraz). Hauen ondoren, Praileaitzen Lagunak elkarteko beste kide batek leizearen egungo egoeraren berri emango du: babesteko hartu beharreko neurriak, arriskuak, eta etorkizunerako aukerak izango ditu mintzagai.
Praileaitz haitzuloa, Debako udalerrian dagoen Goi Paleolitoko leizea dugu. Garai hartan, Europako kontinentearen zatirik handiena izotzez estalia zegoen eta asentamenduetako asko, behe aldeko lurretan kokatzen ziren, sarritan, kostaldetik gertu. Eremu honetan azaltzen dira, hain justu, europar kontinenteko eta Euskal Herriko aztarnategi garrantzitsuenetako zenbait. Horietako batzuk, Deba arroaren behe aldean, tartean, Praileaitz. Deba ibaiaren eskuineko ertzean eta 50 metrotako kota batean dago eta une hauetan, leizetik gertu, 100 metro eskasetara, Zeletako harrobian, Amenabar enpresa ustiatze jarduera lanak egiten ari da. Leizearen barrunbea, hainbat espazioz eratua dago eta sarreran, atondo bat aurkitzen da, gutxi gora behera, 50 metrotako areto biribil batzuei sarbidea emanez. Hainbat galeria ere baditu, 50 metro baino gehiagotan luzatzen direnak.
Kultur ondarea
2006ko udazkenean, Aranzadi Zientzia elkarteko arkeologoek, Goi Paleolitoan (duela 18.000 urte inguru) euren jatorria zuten labar margo batzuk aurkitu zituzten. Aurkikuntza hauek izan ziren, Praileaitz haitzuloa, kultur ondare izendatzearen arrazoia. Margo hauek, ordea, ez dira orain arte eginiko aurkikuntza bakarra. Lehenago, itxuraz erritu funtzioa zuten sukaldeak, uharri beltzez osaturiko hainbat lepoko eta okrezko lapitzak topatu zituzten. Baina, modu bereziz arreta deitu zuen objektua, Paleolitoko Venusen antza duen lepokoa izan zen. Aurkikuntza guzti hauen garrantiza eta balioa, mundu osoko adituek aitortu dute.
∞Informazio gehiago:
• Labar-pinturak Praileaitz 1ean (www.aranzadi-zientziak.org)
• Argazki galeria (Xabi Otero)