Jose Gurrutxaga Espainiako txapeldun 100 eta 200 metrotan

elgoibarren.net 2007ko eka. 27a, 11:19

85 urteko atleta beteranoak 100 eta 200 metrotako distantzietan urrezko domina eskuratu du Aguilas (Murtzia) jokatu zen Espainiako Beteranoentzako Atletismo Txapelketan. Azken bi hauekin 35 domina irabazi ditu Gurrutxagak Espainiako Txapelketetan, ia denak urrezkoak.



Haizea kontra, baina marka onak

Jose Gurrutxaga ilobarekin eta semearekin Murtzian irabazitako dominekin

Mintxeta
Atletismo Taldeko antxintxikari elgoibartarrak 85 eta 90 urte artekoen mailan parte hartu zuen 100 eta 200 metrotako probetan. Bi lasterketetan haizea izan zen protagonista nagusia, aurka izan baitzuten atletek. 
100 metrotako lasterketan 19.30 izan zen Gurrutxagaren denbora. Domina eskuratzeko 21.4 denbora hobetu behar zuen eta aurka izan zuten 4.2 indarreko haizea ere ez zen oztopo izan.
200 metrotako lasterketan, berriz, 43.44 denbora aparta egin zuen Gurrutxagak. Kasu honetan aise gainditu zuen domina eskuratzeko hobetu beharreko marka: 49.7.
Antolakuntzak ezarritako marka hauek hobetu ezean, titulua bai, baina dominarik ez dute lortzen parte hartzaileek.

2 urte korrika egin gabe
Azken bi urteak antxintxika ezin eginda egon ostean itzuli dela lehiaketetara azaldu digu Josek, “Bihotzetik operatu eta protesi biologiko bat jarri zidaten bihotz-balbula batean”. Urte hasieran hasi zen berri zere lasterka egiten eta Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketetan parte hartu eta 100 eta 200 metroko probak irabazi ondoren lortu zuen Espainiako Txapelketara sailkatzeko txartela. Harrigarria badirudi ere, urduri, “nerbioak jota” egon zela hasia urretik aitortu digu, “beti esan izan didate oso urduria naizela, baita medikuek ere. Hala ere, pixka bat izan beharra dagoela uste dut. Urte batean askoz lasaiago igarri nuen nire burua, baina ez nuen ezer ere irabazi”.