Javi Gurrutxaga: “Eibarren dugun giro ona esportatzeko modukoa da”

elgoibarren.net 2007ko eka. 28a, 10:26

Ospakizun luze eta nekagarrien ostean lortu dugu Javi Gurrutxaga, Eibar futbol taldeko elgoibartarrarekin berba egitea. Pott eginda egon arren pozarren erantzun ditu gure galderak. Eibar K.E. 2. A Mailara igotzea lortu zuen domekan. Javi Gurrutxaga atzelaria eta Iñigo Arriola, 2. entrenatzailea eta jokalari ohia, dira taldeko elgoibartarrak.



ELKARRIZKETA:
Javi Gurrutxaga, Eibar K.E-ko jokalaria

1706641652279 Javi Gurrutxaga: “Eibarren dugun giro ona esportatzeko modukoa da”

"Domekako partida azterketa bat modukoa zen: gaindituz gero egindako lanak balio du, bestela dena berriz egin behar da"
 
*Argazkiak: Felix Morquecho
 
-Nola bizi izan zenuen Rayo Vallecanoren aurka Ipuruan jokatutako azken partidua ?
Oso bizia izan zen. Bigarren zatian 2-0 emaitzarekin geunden eta sailkapena esku artean genuen, baina eurek gol bat sartuz gero, Rayo sailkatzen zen. Hortaz, inertziaz-edo atzera egin genuen, babeserako joera hartu genuen eta horrek sufriarazi zigun. Zelaian gaudenean gehienetan ez dugu sufritzen, jokoan jartzen dugu arreta eta sufritzen dutenak ikusleak dira. Baina nik igandean zelaian bertan ere sufritu nuen. Pentsatu ere ez dut egin nahi ikusleek zenbat sufritu zuten.

-Zer sentitu zenuen partida amaitzean?
Lehenengo poza. 90 minutuan sufritzen egon ostean, sekulako lasaitasuna sentitu nuen. Gainera jende mordoa besarkadak ematen, gure gainean, bazirudien ez nekiela non nengoen ere.

-Horrelako partida batean, hil ala bizikoa, dena ematera aterako zineten, ezta?
Partiduaren aurretik hitz egin genuen eta garbi geratu zen urte osoko lana azken partiduan laburbiltzen dela. Azterketa baten parekoa da: gaindituz gero egindako lanak balio du, bestela dena berriz egin behar da.

-Igoera lortzeko presiorik sumatu duzue denboraldian zehar?
Pixka bat bai. Batez ere emaitza txarrak zeudenean esan digute betebehar bat geneukala, ezin ginela sailkapenaren erdian geratu eta gogor lan egin behar genuela, goian egotera behartzen gaituzte, Play Off-ak jokatzera behartuta gaude, emaitza txarrak egonez gero egurra ematen digute, beraz, nolabaiteko beldurra zegoen baina hori jakinekoa zen. Baina ez ginen gaizki hasi eta urte guztian maila mantendu dugu.

-Harritzekoa da talde bat urte berean jaitsi eta igotzea.
Urte guztiak ez dira berdinak izaten eta garrantzitsua da hasiera. Ongi hastea da lasaitasuna eta egonkortasuna ematea taldeari. Eibar iaz gaizki hasi zen eta zulotik irtetea zaila izaten da horrelakoetan. Jaitsiera ez nuen Eibarrekin bizi izan, baina Oviedon nengoela bai. Jokalariak banan-banan hartuta iruditu arren taldeak ezin duela hutsik egin batzuetan horrelakoak gertatzen dira, baina azkenean beti norbait jaitsi behar da. Aurten Eibarren iazko jende asko geratu da, beste maila batean jardun dugu, eta ongi hasi ginenez ongi amaitu da denboraldia.

-Datorren denboraldian ere Eibarren jarraituko al duzu?
Beste urtebeterako kontratua daukat. Denboraldi aurreko saioak uztailaren amaieran hasiko dira eta denboraldia bera abuztuaren amaieran. Aldaketak beti egoten dira eta edozer gauza pasa liteke. Entrenatzaileak dauka azken erabakia eta taldea osatzerakoan beharren arabera egokituko dute dena.

Eibartarren poza partida amaieran. Argazkia: DV.

Elgoibarren ere badago eibartar jarraitzailerik, hainbat balkoitan ikus ahal izan genuen moduan



-Eibar taldearen izaera berezia behin eta berriz aipatzen da. Aldageletako giroan ere igartzen da hori?
Bai. Urte osoko helburuak bete behar direnean, eta egunero 20 lagunekin lan egin behar denean, aldameneko lankidearekin ongi konpondu ezean jai dago, eta ez da ongi lan egiten. Beraz, aldageletan giro onik ezean partiduetan ere sumatzen da. Bestalde, eibartarrek taldearekiko duten zaletasuna ere berezia da eta hori ere igartzen dugu. Elgoibarren ere sumatu dut zaletasuna. Nahiz eta Eibar eta Elgoibar artean pikea egon gertutasunagatik bada ere elgoibartarrek nahi zuten Eibarrek irabaztea eta kalean ere animoak eman dizkidate.

-Datorren urtean Realaren aurka jokatuko du Eibarrek. Ba al dauka zer ikasirik Realak Eibarrengandik?
Realak Eibartik ikasi dezakeena da Eibarren filosofia, aldageletako giroa. Realean baditut ezagunak eta esan didate urte txarra izan arren euren artean ongi konpondu direla, baina gure arteko giro ona esportatzeko modukoa da.