Amaitu dira parrokiako margolanak zaharberritzeko lanak

elgoibarren.net 2007ko uzt. 5a, 10:07

San Bartolome parrokiako sabaian, gurutze-gangan, kokatuta dauden lau margolanak (Ignacio Aranak 1722-1724 artean margotuak) zaharberritu ditu Arrasateko M.C. tailerrak azken 5 hilabeteotan. Aste honetan itzuliko dituzte jatorrizko lekura.

 
 

•  Egoera txarrean

Carmen Martin zaharberritze lanen zuzendaria, parrokiako sakristian

M.C tailerreko 5 lagun eta arotz bat aritu dira koadrook zaharberritzen Carmen Martinen zuzendaritzapean. Joan zen otsailean hasi ziren lanean eta lan nekeza izan dutela aitortzen du lan hauetan aditua den Martinek, “oihal gaineko olio-pinturak eta markoak oso egoera kaskarrean zeuden eta berritze lanak ez dira batere errazak izan”.
Margotu zirenetik egin diren zaharberritze lan ezberdinek asko kaltetu ei dituzte koadroak, “urradurak, tolesdurak, hala moduz jarritako partxe modukoak eta falta ziren oihal zatiak ere aurkitu ditugu koadroetan. Originalei gaineratutako margoak kentzeak eta jatorrizko koloreak itzultzeko ahaleginak eman digu lanik handiena”.
Zaharberritze lanek iraun duten bitartean, parrokiako sakristian egon dira koadroak, bertan jardun baitute lanean artelanen zaharberritzaileek.

Detaile bat

• 
Elizako 4 doktoreak
San Gregorio, San Agustin, San Ambrosio eta San Jeronimo, hau da, elizako doktoreak irudikatzen dituzte 4x2,5 metroko 4 koadro hauek. Ignacio Aranak margotu zituen 1722 eta 1724 urte bitartean.
•  Argiztapen berria
San Bartolome parrokiako berritze lanekin jarraituz, argiztapen sistema berria jarriko dute aurki, datozen 8 egunen barruan, eta honi esker koadroak hobeto miresteko aukera izango da. Bien bitartean, erretaula nagusiaren zaharberritze lanek ere aurrera jarraitzen dute. 
 
 

Sainduen 4 irudiak laster itzuliko dira San Bartolome parrokian duten jatorrizko lekura, sabaiko gurutze-gangara