Aurten, 4. urtez jarraian, 2-6 urteko umeei eta hauen gurasoei zuzenduriko Kiribilka egitasmoa antolatu da. Egitasmo hau Elgoibarko Izarrak prestatzen du Udalaren babesarekin.
Egitasmoaren helburu nagusia, 2-6 urteko umeak dituzten Elgoibarko familietan euskal giroa bultzatzea da. Horretarako, martxoaren 30ean hasi eta ekainaren 29a bitartean, betiko edo aspaldiko euskal jolasez, eta euskarazko kantu eta dantzaz osatutako 8 saio burutu dituzte barixaku arratsaldetan Elgoibarko Plaza Handian. Aurtengo Kiribilkan, Plazara hurbildu diren ume eta gurasoek betiko edo aspaldiko jolasak ikusi eta ikasteko aukera izan dute: txapa jolasak, soka salto jolasak, asto lasterketak... Barixaku arratsaldetako saioez gain, kultur ikuskizunak ere antolatu dituzte. Bat Herriko Antzokian eta beste bat Plaza Handian, "biak ere arrakasta handia izan zutelarik".
Saioak animatzen, egitasmoko maskota den Kiribil barraskilo erraldoiak eta 4 begiralek jardun dute. Guraso eta ume asko bildu da Kiribilkako saioetan, eta oso giro polita sortu da Elgoibarko Plaza Handian Kiribil izan den barixaku arratsaldetan. "Pena izan da, eguraldiaren menpe gaudenez, saio bat atzeratu behar izan dugula. Eta horrela, pentsatutakoa baino aste bat beranduago bukatu ditugula saioak".
"Egitasmoa antolatzen ibili garenok ere gustura gelditu gara egindako lanarekin eta jendearen erantzunarekin. Orain, irailean eta urrian izango diren azken saioak prestatzeari ekingo diogu". Irailaren 14an bueltatuko dira Plaza Haundira jolas, kanta eta ipuin berriekin, eta beste 3 saio egingo dituzte. Kultur ikuskizun bat ere egingo da Herriko Antzokian.