Jon Revertek eskura du mendiko lasterketen Kopako podiuma

elgoibarren.net 2007ko uzt. 9a, 12:46

Erregulartasun aparta erakusten ari da Jon Revert VI. Mendiko Lasterketen Euskal Herriko Kopan. Azken proban (Kopako laugarrena), Ezpeleten (Lapurdi) lortutako 20. postuari esker, sailkapen nagusiko 4. postuan sailkatuta dago antxintxikari elgoibartarra eta eskura du azken podiuma. Izan ere, Zegama-Aizkorri mendiko maratoi ezaguna izango da Kopako azkena irailaren 23an.





Revert eta Konde, primeran Ezpeletako proban

David Conde 22. postuan sailkatu zen Ezpeleten

Ñapurrak elkarteak antolatutako Ezpeletako mendi lasterketa jokatu zen joan zen zapatuan, (uztailak 7). Lasterkariek 27 kilometroko ibilbidea osatu zuten, eta 1.200 metroko desnibela gainditu. Jon Revert eta David Conde antxintxikari elgoibartarrek parte hartu zuten bertan. Lehena 20. postuan sailkatu zen 2 ordu, zazpi minutu eta 28 segundoko denborarekin. Conde, berriz, 22. postuan sailkatu zen, Revert lagunarengandik 14 segundura. Biek elkarrekin egin zuten ibilbidea azken zatiraino. Orozkoko Javi Olabarriak irabazi zuen lasterketa eta bera da sailkapen nagusiko liderra. 700 lagunek gora aritu ziren korrika.
 

Reverten erregulartasuna, probaz-proba

1706641645634 Jon Revertek eskura du mendiko lasterketen Kopako podiuma

Euskal Mendizale Federakundeak (EMF) antolatzen duen VI. Mendiko Lasterketen Euskal Herriko Kopa 5 probek osatzen dute eta Jon Revertek orain arte egin diren lauretan parte hartu du, eta erregulartasun handia erakutsiz, gainera. Euskal herriko bazter eta lurralde desberdinetan egin dira orain arteko mendi lasterketak. Hona hemen, banan-banan Reverten ibilbidea.
 
 
  • Orozko Harana
    Maiatzaren 20an izan zen Orozko Harana II. Mendiko Lasterketa, Orozkotik abiatuta, maratoia (42 km.) osatu zuten lasterkariek eta Gorbeia izan zen ibilbideko puntu gorena. Jon Revertek 14. postuan sailkatzea lortu zuen ibilbide luze eta gogorreko lasterketan.
  • Kosta Trail
    Ekainaren 10ean korritu zen Kosta Trail, aurtengo egutegiko berrikuntzetako bat. Itsasertzean jokatu zen Kopako bigarrena, Portugalete eta Gorlizko hondartza artean. Lasterkariek 30 kilometroko ibilbidea osatu beharko izan zuten, eta 1.400 metroko desnibela gainditu. Ibilbidean pilatu zen lokatzaren eraginez, orain arteko probarik gogorrena izan zela aitortzen du Revertek. Hala ere meritu handiko 13. postuan sartu zen helmugan.
  • Lakuntza
    Ekainaren 17an, Lakuntzako IV. Lasterketa jokatu zen, egutegiko klasikoetako bat. Ibilbide menditsua, 28 kilometro pasatxo, eta Irumugarrietako tontorretik igaro behar. Revert 30. postuan sailkatu zen.
  • Ezpeleta
    Ezpeletako proban 27 kilometroko ibilbidea, eta 1.200 metroko desnibela gainditu zuten parte hartzaileek. Gorago aipatu moduan 20. postuan sailkatu zen Revert.
  • Zegama-Aizkorri
    Irailaren 23an Zegama-Aizkorri mendiko maratoia, Kopako azkena, eta Euskal Herrian jokatzen den ezagunena izango da. Aurten ere Munduko Kopako lasterketa izango da.