Sasoi bateko elgoibartarren bizimodua bistaratzea helburu
Erakusketa horren helburua da, antzinako argazkien bidez, gure herriko sasoi bateko bizimodua (lana, eskola, jaiak, erromeriak, kirol-jarduerak, ohiturak…) zer nolakoa zen erakustea. Horiek horrela, mende hasieratik Gerra Zibila (1936 urtea) artekoak izango dira erakusketan jarritako argazkiak. Tartean, XIX. mendearen bukaerako argazkiren bat ere izango dugu ikusgai. Argazki zaharrak herritarren bizimoduaren adierazgarri izan diren hainbat gairen inguruan bilduta egongo dira: hala nola, lagunartea, familia, jaiak, kultura, feriak, eskola, erlijioa, lanbideak, janzkera eta kirola.
Jatorri ezberdinetako 70 argazki inguru
Erakusketan, gutxi gorabehera, 70 argazkiz gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Argazki horiek erakunde ofizialek (Gipuzkoako Artxibo Orokorra, Koldo Mitxelena Kulturunea, Elgoibarko Udaleko Argazki Artxiboa), elkarteek (Elgoibarko Izarra elkarteko BARREN), herriko ikerleek (Pello Arrieta, Jabi Leon, Joan Mari Andonegi) nahiz herritarrek utzitakoak dira.
Argazkirik gehienak digitalizatutako formatutik inprimatutakoak badira ere, erakusketan argazki originalak ere ikusi ahal izango ditugu. Antolatzaileek ahalegin berezia egin dute, argazki originalak erakusteko.
Bukatzeko, antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete erakusketa hau antolatzeko laguntza eman duten guztiei.
• Lekua: Kultur Etxeko erakusketa-gelan
• Epea: uztailaren 16tik 28ra bitartean
• Ordutegia: astelehenetik larunbatera, 19:00etatik 21:00etara bitartean.
ARGAZKIAK:
Erakusketan ikus daitezkeen argazkietako batzuk: