66 autok parte hartuko dute bihar, V. San Migel Rallysprintean

elgoibarren.net 2007ko ira. 7a, 12:38

Hamaika eskuderiak eta Etxebarriko gazteek antolatzen duten proba 17:00etan hasiko da bihar (irailak 8) eta San Migelgo errepideetan jokatuko da, Elgoibar eta Etxebarri artean. 66 autok eman dute izena Euskadiko Rallysprint Txapelketarako puntuagarria den proban. Elgoibartarrik ere izango da tartean, Aitor Dorado (kopiloto gisa) eta Jesus de la Fuente eta Angel Maria Irusta “Txispi” Peugeot 205 Rally auto bat gidatuz, hain zuzen ere.
*Aurtengo bideorik baldin badaukazue eskertuko genizueke gurekin harremanetan jartzea.



Iazko irabazleak
Iaz, maiatzaren 6an jokatu zen San Migelgo Rallysprinta eta Josetxo Zapirainek irabazi zuen lasterketa Renault Maxi Megane Kit Kar auto bat gidatuz. 12 segunduko aldea atera zion bigarren sailkatuari; Bernardo Zozayari (BMW M3). Arkaitz Lotina sailkatu zen 3. postuan.

Faboritoak
Aurtengo lasterketa irabazteko faboritoetako batzuk; Josetxo Zapirain, iazko irabazlea eta bere auto berria Seat Cordoba WRC, Ramon Apalanza (Mitsubishi EVO VI),  eta Xabier Lujua (Skoda Octavia WRC) dira.

Gaueko 22:00etarako amaitzea espero dute

1706641610007 66 autok parte hartuko dute bihar, V. San Migel Rallysprintean

Antolatzaileek 2 ordu atzeratu behar izan dute hasiera ordua: 15:00etatik 17:00etara, txirrindulari lasterketa batekin bat ez egiteko. Hau dela-eta amaiera ere atzeratu egin da, eta gaua sartuta dagoela emango diote amaiera aurtengo motor festari, 22:00ak inguruan.
• Oharra: errepideak lasterketa hasi baino ordubete lehenago itxiko dituzte, 16:00etan