Ustezko droga trafikatzaile bat atxilotu dute Elgoibarren

elgoibarren.net 2007ko ira. 10a, 10:46

Joan zen martitzenean (irailak 4) atxilotu zuen Guardia Zibilak ustezko droga trafikatzailea Elgoibarren. Gobernuaren Ordezkaritzak jakinarazi duenez, I.A.L, 31 urteko Barakaldoko gizasemea, 620 dosi egiteko adina droga eta dosiok egin eta banatu ahal izateko tresneriarekin atzeman zuen Guardia Zibilak gure herrian. Soraluzen eta Eibarren ere atxilotu dituzte ustezko beste bi droga trafikatzaile.





1706641609356 Ustezko droga trafikatzaile bat atxilotu dute Elgoibarren

Hiru atxiloketa hauekin, Eibar, Elgoibar eta Soraluzeko droga banatzeko sareak kolpe handia jaso duela eta drogaren “merkatua” nabarmen gutxitu dela -3 herriotan eta inguruetan (Ermua eta Durango)- azaltzen du Gobernuaren Ordezkaritzatik joan zen barixakuan (irailak 7) zabaldutako komunikatuak. Hiru operazio hauetan merkaturatzeko prest zeuden 5.720 dosi atzeman ditu Guardia Zibilak. 
 
Eibarren ere atxilotu bat 
Elgoibarren atxilotutako ustezko droga trafikatzailearen arrastoa jarraituz, Barakaldoko beste bizilagun bat, A.A.B. (30 urte) atxilotu zuen Guardia Zibilak, joan zen eguaztenean (irailak 5) Eibarren. Honek 300 dosi zeramatzan soinean. Bi atxilotuak, Elgoibarkoa zein Eibarkoa, Eibarko Guardiako Epaitegiaren esku laga zituzten eta epaileak biak kartzelan sartzeko agindu zuen.

Egurrezko mahai batean ezkutatutako kokaina Soraluzera

Soraluzera bidaltzeko prest zegoen kokaina kopuru dezentezkoa atzeman zuen Goardia Zibilak Barajaseko (Madril) aireportuan, joan zen abuztuaren 31n. Merkatuan saltzeko 4.800 dosi egiteko adina kokaina ezkutatu zuten trafikatzaileek Santo Domingotik (Dominikar Errepublika) zetorren egurrezko mahai batean. Nazioarteko garraio enpresa batek eraman behar zuen gero mahaia Soraluzeraino, bertan bizi den dominikar nazionalitateko gizon baten etxeraino, hain zuzen ere. Hau ikusirik, Guardia Zibilak, R.A.T.V, 30 urteko gizasemea atxilotu eta Eibarko auzitegiaren esku laga ondoren, kartzelan sartzea agindu zuen honek.