7 lapurreta egin zituen ustezko lapurra atxilotu zuen Ertzaintzak

elgoibarren.net 2007ko ira. 12a, 09:53

Otsaila eta uztaila bitartean Elgoibarko 5 etxe eta 2 bulegotan lapurretak egin zituen ustezko lapurra, Barakaldoko bizilagun bat, atxilotu zuen Ertzaintzak abuztu erdialdean. Lapurtutako hainbat gauza berreskuratu ahal izan dituzte jabeek.

"Modus operandi" antzerakoa 
Herrizaingo Sailetik zabaldutako informazioaren arabera otsaila eta uztaila bitartean, Elgoibarren eginiko 7 lapurreta salaketa jaso zituen Ertzaintzak. Ohartu ziren ikerlariak lapurreta guztietan “modus operandi” edo lapurretak egiteko antzerako trikimailuak erabili zituela: asteburuetan sartzen zen etxeetan, goizaldeko laurak eta zazpiak bitartean, eta gezurra badirudi ere, etxeko bizilagunak bertan lo zeudela. Bulegoetan lapurtu zuenean bakarrik ez zegoen jenderik barruan. Lapurtutako etxe guztiak, gainera, beheko solairuak ziren. Ustezko lapurra irekita zegoen leihoren batetik, nola edo ahala, sartu eta parean aurkitzen zuen guztia ostu zuen.

1706641607331 7 lapurreta egin zituen ustezko lapurra atxilotu zuen Ertzaintzak

Salaketei erantzuteko ikerketa ireki zuen Ertzaintzak eta lapurrak lagatako arrastoak jarraituz, ustezko lapurra atzematea lortu zuten Eibarko Ertzainetxeko agenteek, aipaturiko Barakaldoko bizilaguna, hain zuzen ere. Gutxienez sei lapurretetan ostutako objektuekin harrapatu ere. Ordulariak, segapotoak eta arropak, besteak beste.

Ertzaintzaren aspaldiko laguna
Dirudienez, honako hauek ez dira gizon honek eginiko estreinako lapurretak izan, aurrez ere hainbat lapurreta salaketa baititu Bilbon eta inguruetan, hauetan ere antzerako teknikak erabiliz. Epaitegiek dute azken hitza orain.
 
Gaiarekin lotuta: