Markel Bergarak debuta, Etxeberriak 400. partida Ligan

elgoibarren.net 2007ko ira. 17a, 13:02

Hasiberria bata, beteranoa bestea. Futbol ibilbidearen une oso ezberdinak bizi dituzte bi elgoibartarrek. Batak, Markel Bergarak, asteburu honetan jokatu du estreinako ligako partida Realarekin, Bigarren Mailan izan bada ere. Besteak, Joseba Etxeberria zuri gorriak, Espainiako Liga Txapelketako 400. partida jokatu zuen Zaragozaren aurka San Mamesen. Txetxu Rojok eta Jose Angel Iribarrek bakarrik jokatu dituzte Athleticekin liga partida gehiago. Demaseko marka!




Beteranoaren errekorra
  • 1706641597862 Markel Bergarak debuta, Etxeberriak 400. partida Ligan

    Espainiako Liga Txapelketan jokatu duen 400. partida jokatu zuen domekan (irailak 16) Joseba Etxeberria elgoibartarrak; 7 Realarekin eta 393 Athleticekin jokatu ditu.
  • Orotara, 448 partida jokatu ditu Etxeberriak (30 urte) Athleticekin 13 denboralditan: 393 ligan, 36 kopan, Champions Leagueko 8 partida eta Uefako Kopako 11 partida.
Beteranoenen podiumean
  • 1706641597903 Markel Bergarak debuta, Etxeberriak 400. partida Ligan

    Athleticekin Liga partida gehien jokatu dituzten jokalariak:
  1. Jose Angel Iribar "El Chopo" (466)
  2. Txetxu Rojo (413)
  3. Joseba Etxeberria (393)
  4. Orue (392)
  5. Larrazabal (390)
  6. "Piru" Gainza (382)
  • Athleticekin partida gehien jokatu dituzten jokalariak:
  1. Jose Angel Iribar "El Chopo" (614)
  2. Txetxu Rojo (541)
  3. "Piru" Gainza (490)
  4. Joseba Etxeberria (448)
  • Marka hauek berdindu eta hobetzeko aukera du, gainera, Etxeberriak, 2009ko ekainera arte baitu kontratua sinatuta Ibaiganeko klubarekin. Gauzak horrela, futbola lagatzen duenean, Athleticekin partida gehien jokatu dituzten 3 jokalarietako bat izateko aukera handiak ditu, hurbilen duen marka, "Piru" Gainzaren partida kopurura iristea da, batez ere, beste biak nahiko urrun baitaude. 
Errekorrak hausten jarraitzeko gogotsu 
Futbolean jokatzen jarraitzeko ilusioa eta indarra badituela adierazi du Athleticeko kapitainak. “Zenbaki garrantzitsuak dira, baina 400. jokatu ondoren, jokatuko dudan 401. partidan pentsatzen hasiko naiz. Horrela pentsatuta iritsi naiz horrenbeste partida jokatzera. Urte guzti hauetan lesio larririk ez eduki izana ere funtsezkoa izan da eta baita entrenatzaile guztiek nigan izan duten konfiantza ere, noski”.
 
 

Hasiberriaren debuta

Markel Bergara (behean ezkerretik lehena) hasierako hamaikakoan

Gaizka Garitanok ezin oinean sentitzen zuen mina atzean laga eta Coleman galestarrak Markel Bergara zelairatu zuen Las Palmasen aurkako hasierako hamaikakoan. Horrela iritsi zen erdilari elgoibartarrak horrenbeste desio zuen debuta Liga Txapelketan, duela 10 egun jokatu baitzuen talde nagusiarekin lehen partida Kopako partidan (1 eta 0 galdu eta kanporatuta geratu zen Reala), orduan ere Las Palmasen, baina emaitza ezberdinarekin. Oraingoan partidari buelta eman eta 2 eta 3 irabaztea lortu zuen talde txuri urdinak.