Asobal Ligan debuta egin du Gorka Garatek Arraterekin

elgoibarren.net 2007ko ira. 18a, 13:00

Portland San Antonio, munduko eskubaloi talderik onenetariko baten aurka jokatu zuen Gorka Garate (22 urte), J.D. Arrate taldeko pibote elgoibartarrak, Asobal Ligan jokatzen duen estreinako partidan. 29 eta 22 galdu arren, Svensson atezain mitikoari gol bat sartu zion. Unai Arrieta eta Ander Goikoetxearen ondoren Asobal Ligan debutatzen duen hirugarren elgoibartarra da Garate.




•  Matovic-en lesioak ireki dizkio lehen taldeko ateak
Horrelakoetan gertatu ohi denez, taldekide baten lesioaren ondorioz iritsi zaio Asobal Ligan, munduko indartsuena, debuta egiteko aukera Gorka Garateri ere. Izatez, Lehen Mailako Nazional taldean, Arrateren filialean, jokatzen du Garatek. Alabaina, talde nagusiko bigarren pibotea, Vladimir Matovic serbiarra min hartuta dagoenez, Viktor Debre entrenatzaileak Portland San Antonioren aurka jokatzeko deialdian sartu zuen elgoibartarra.
Iruñean jokatu zen ligako lehen jardunaldian 29 eta 22 galdu zuten eibartarrek.

•  Gol bat Svensson atezain suediarrari

Garate Tecnifuelleren kamisetarekin

Iaz Tecnifuelle Elgoibar eskubaloi taldean jokatu zuen Garatek Arratek lagata (2009ra arte dauka kontratua Arrateren bigarren taldearekin), eta bat-batean, telebistatik ikusten zituen munduko jokalari onenen parez-pare ikusi zuen bere burua. Dominicovic kroaziarra eta Jorgenssen daniarra moduko jokalari indartsu eta beteranoen aurka borrokatu behar izan zuen pibote postuan. Eskubaloiko erraldoi hauen aurrean bere burua txiki ikusi zuen arren, ez zen kikildu, eta gol bat ere sartu zuen. Eta ez edonori, gainera, Svensson atezain mitikoari sartu baitzion gola. Eskubaloiak eman duen atezainik onenetarikoari. Ivano Balic moduko izarren aurrez-aurre jokatzea ere berezia izan zen pibote gaztearentzat. Oro har, urduri egon zela, baina bere burua ondo ikusi zuela aitortu digu.

•  Bartzelonaren aurka jokatzeko aukerak ditu

Garate (ezkerretik lehena) eta Peñaranda (eskuinetik lehena)

Asteburu honetan, Arratek Bartzelona ahaltsua hartuko du Ipuruan, bigarren jardunaldiko partidan. Debre entrenatzaileak ostiralean emango du deialdiaren berri eta orduan jakingo du Garatek Bartzelonaren aurka jokatzeko aukerarik izango duen ala ez. Asobal Ligan jokatzen badu, Unai Arrieta elgoibartarra izango du taldekide, baina hala ez bada, eta Arrateren bigarren taldearekin jokatzen badu, hemen ere bste elgoibartar bat izango du taldekide; Xabi Peñaranda, hain zuzen ere. Honek ere Tecnifuelle taldean jokatu zuen iaz eta Arratek fitxatu du aurten. Arrateren filialak asteburuan hasiko du liga txapelketa eta talde gaztea osatu dutela azaldu digute elgoibartarrek.