‘Balle’ren omenezko kontzertua emango du Musika Bandak domekan

elgoibarren.net 2007ko ira. 21a, 11:02

Jose Zubiaurre “Balle”, abuztuaren 12an hil zen Udal Musika Bandako zuzendaria ohiaren omenezko kontzertua eskainiko du Musika Bandak domeka honetan (irailak 23) Herriko Antzokian (12:30ean). Minutu bateko isiluneaz hasiko da kontzertua eta Balleren biografiako hainbat kontu ere azalduko dituzte piezatik piezara dagoen tartean.

 

    • Balleren omenezko kontzertua 
  • EgunaIrailak 23 (domeka)
  • Ordua: 12:30ean
  • Lekua: Herriko Antzokia
  • Zuzendaria: Jose Antonio Osoro
• Kontzertuaren egitarua
El ultimo romantico Soutullo y Vert
Carmen G. Bizet
Tango for atoreador  Ch. Snijders
James Bond 007 J. De May
Bella Italia H. Kolditz
 
Balleren bizitzako zertzelada batzuk
  • Jose Zubiaurre Leiaristiri, aita Sallobenteko Ballegoitxi baserrikoa zuelako esaten zioten “Balle”, eta halaxe zen ezaguna herrian. Musikaren munduan ibiltzeagatik zen ospetsua herrian. Batez ere, 1936. urteko uztailaren 1ean Elgoibarko Udal Musika Bandan sartu zenez geroztik.
  • 1936tik 1956ra bitartean bonbardinoa jo zuen, Inazio Bereziartuaren zuzendaritzapean. Gitarra klasikoa jotzen ere maisutasuna zuen.
  • Irakasle bikainak izan zituen: Inazio Bereziartua, Aita Madina eta Ginebrako kontserbatorioko katedratikoa zen Jose de Azpiazu, besteak beste.
  • 1956an Bereziartuaren lekua hartu eta Bandako zuzendari izendatu zuten. 1983. urtera arte jardun zuen Bandako zuzendari. Bete-betean harrapatu zuen Frankismoaren garaia zela-eta, oztopo bat baino gehiagorekin topo egin zuen bidean, baina beti aurrera egiteko kemena izan zuela nabarmentzen dute gertutik ezagutu zuten lagunek.
  • 1981ean omenaldia egin zioten Elgoibarko Odeon Antzokian, Musika Bandari eskainitako urte luzeengatik. Musikaz aparte, antzerkizalea ere bazen. “El Caserio” edo “Los Claveles” zarzuela ezagunetan, esaterako, bera izan zen aktore nagusia.
  • Abuztuaren 12an hil zen 85 urte zituela.