Arropa neurrien bateratzea
Espainiar Estatuko 59 udalerritan egingo dituzte neurketak eta autonomia erkidego guztietako emakumeen erakusgarri gisa hartuko dira.
♦ Eskutitza etxera
Udalerri guztiak zoriz aukeratuak izan dira, hauen artean Elgoibar. Ikerketan parte hartuko duten emakume elgoibartarrak ere, erroldatik modu aleatorioan aukeratuak izan dira. Hauek eskutitz bat jaso dute etxean, ikerketaren berri emanez eta ia parte hartzeko prest dauden galdetuz. Orain erantzunaren zain daude, alegia, ikerketarako datuak jasotzera Elgoibarrera noiz etorriko diren zain.
• Estatuko gorputz neurri ohikoenak zeintzuk diren erakutsiko dute datuok, modako industriak arropa neurriak homogeneizatu ditzan.
• Laser teknologia darabilen makina batek hartuko dizkie neurriak emakumeei. 30 segundotan 130 neurketa egiteko gai da kabina itxura duen makina eta neurketa hauen emaitza hiru dimentsiotako irudi antropometrikoak dira. Eskuz ere hartuko dituzte neuriak. Besteak beste, altuera eta sorbaldatik ukondora dagoen luzeera izango da hartuko duten neurrietako bat.
♦ Datuak 2008 hasieran
• Azterketa datorren abenduaren 21erako bukatzea aurreikusi dute eta 2008 hasierarako lehen datuak emateko asmoa agertu dute. Bost urteren buruan neurrien bateratzea eginda egon beharko litzateke.
• Azterketa hau joan zen urtarrilaren 23an Elena Salgado Osasun eta Kontsumo ministroak arropa eta moda enpresa nagusienekin sinatutako akordioari jarraiki abiatu dute. Akordio horren barruan daude, besteak beste, Corte Ingles, Mango, Cortefiel eta Inditex. Ministroak azaldu zuenez, 2006. urtetik martxan dagoen ekimen honen xede nagusia; kontsumitzaileari arropen neurriaren gaineko "informazio zuzena, egiazkoa eta ulergarria" helaraztea da.