Karakate Mikologi Elkarteak Eusko Jaurlaritzak eta Aranzadi Zientzi Elkarteak gure basoetako eremu mikologikoen gehiegizko ustiaketaren ondorio kaltegarriak geldiarazteko martxan jarri duten sentsibilizazio kanpainarekin bat egitea erabaki du aurten. Era honetan, azken 28 urteetan, etenik gabe antolatu duen Debarroko Perretxiko Lehiaketa bertan behera lagatzea erabaki du.
Izaera lehiakorra zuen lehiaketa etetea erabaki badute ere, helburu didaktikoak izango dituen perretxiko erakusketa antolatuko dute. Erakusketa hori azaroaren 4an jarriko dute jendaurrean ikusgai, Kultur Etxean.
- Perretxikoak azaroaren 3an sailkatuko dituzte, Aranzadiko adituen laguntzarekin eta aipaturitu erakusketa arazoaren 4an egingo dute, goizeko 11:00etatik aurrera.
• Karakate Mikologi Elkarteko kideek honako idatzi hau helarazi digute. Aurten lehiaketa ez antolatzera bultzatu dituen arrazoietako batzuk aitatzen ditu testu honek:
Perretxikoak, mendia eta biltzailea
Toki askotako biologoek, liburu eta aldizkari espezializatuek, natur zientzietako elkarteek eta eguneroko prentsak alarma hotsa altxatu dute mendian perretxikoak batzean dugun portaerari dagokionean. Ardura hori ez da herrialde mailakoa, Europa eta mundu mailakoa baino.
Perretxiko erakusketak antolatzen dituzten elkarte mikologikoek badute baldintzarik perretxiko bilketarako, batu datezkeen gehienezko espezieak (150) eta espezieko gehienezko unitateak (3) zehaztuta dauzkate, neurri horiekin ikusi egin da mendia ez dela hainbeste agortzen. Baina, elkarte horietaz gain, kontsumorako eta saltzeko kiloak eta kiloak batzen dituzten lotsagabeak ere badaude, hazkuntza garaian edo zein egoeratan dauden kontuan hartu gabe. Perretxiko zahar batek esporak botatzen ditu usteldu arte, baina etxean zaborretara doa eta guztiz helduta ez badago ez du esporarik botatzen. Hauxe da espezieak desagerrarazi ditzakeen arrazoietako bat.
Kontzientzia hartu behar dugu mendian ezin dela egin norberak nahi duena, Naturak bere arauak dituela eta ez kontuan hartu ezik ingurunea hondatzen ari garela. Perretxiko biltzaile batek, zein perretxiko den jakiteko, lurretik ateratzen du eta, aztertu ondoren ez bazaio interesatzen, zegoen bezala utzi behar du esporazioa errazteko, eta ez edozelan bota. Inoiz bat badoa menditik eta perretxikoak “hankaz gora” topatzen baditu (ezin da argiago esan), perretxiko txarrak apurtu egin behar direla esaten duten biltzaileetariko bat pasatu dela esan nahi du horrek; jo kontuak eta ez daki zer apurtu duen ez dituelako ezagutzen eta, gainera, berak mendian ezer apurtzen ez dutenetarikoa dela esango dizu, penagarria. Biltzaile horrek jakin beharko luke izaki bizidun guztiek ziklo biologikoa dutela, berak bezalaxe.
Mendian dugun portaeraz zintzotasunez hausnartu beharko genuke eta gure buruari ez genioke errurik kendu behar aldaketa klimatikoa, atmosferaren kutsadura eta abarrak aitatuz. Eta beste gauza bat ere bai, aurreko gauzez gain gure jokabideagatik ere bada, ez baita zuzenena.
Kezkagarria da edozein perretxiko jateko grina hau, hiru dozena espezie kenduta, gainontzekoak jateko balio ez dutenean. Gainera, sarritan jatea ez da gomendagarria.
Egia bada perretxikoak mendian iraunarazi nahi ditugula, badakigu nondik jo.