Merkadilloa berriz lekualdatzeko aukera eztabaidatuko dute alderdiek

elgoibarren.net 2007ko urr. 1a, 12:51

Joan zen barixakuan (irailak 28) egin zen Udalbatzarrean PSE-EEk eta EB-Aralarek, azken orduan eta ezustean, atzera bota zituzten aurrez aurkezturiko bi mozioak (1-azoka txikia herriko erdialdera ekartzea 2-Udalaren lurzoru-ondarerako lurrak erosteko kontu-sail bat aurreikustea). Oposizioko alderdien iritziz, Udal Gobernu Taldeak gai hauetaz berba egiteko azaldutako prestutasuna dago erabakiaren atzean. Gauzak horrela, gaurtik aurrera, merkadilloa berriz lekualdatzeko aukera eztabaidatzen hasiko dira alderdi guztiak gobernu-batzordeetan.



Mozioak atzera
Unai Zulaikak (EB-Aralar) eta Ovidio Campellok (PSE-EE) adierazi zutenez, “Gobernu taldeak gai hauetaz berba egiteko azaldu duen prestutasunak bultzatuta erabaki dugu udalbatzarrean aurkeztu genituen bi mozioak atzera botatzea. Alderdi guztiekin berba egin ostean adostasun batera ailegatu gara, alegia, gai hauek Gobernu Batzordeetan eztabaidatuko ditugu”. 
 
Udal Gobernu taldearen gonbidapena 
Mozioetan ikutzen diren gaiak gobernu-batzordeetan eztabaidatu beharrekoak direla azaldu zuen Bittori Zabalak (EAJ) Udal Gobernu taldearen izenean. “Horrelako proposamenak Gobernu Taldeetan aurkeztu behar dira lehenik, eztabaidatuak izan daitezen. Hala ez bada, etxea teilatutik hastea modukoa da” azaldu zuen. Ildo beretik, gainontzeko gaietarako ere logika eta bide berdinak erabiltzera gonbidatu zituen alderdi guztiak, “Edozein gai eztabaidatzeko prest gaude”. Gauzak horrela, gaurtik aurrera, merkadilloa berriz lekualdatzeko aukera eztabaidatzen hasiko dira alderdi guztiak Gobernu Batzordeetan.