'Duo Plaentxi' bikoteak estreinako diskoa atera du

elgoibarren.net 2007ko aza. 14a, 14:19

Duo Plaentxi izenarekin 19 urte daramaten arren, hau da Jesus Urizarrek eta Jose Luis Badiolak atera duten estreinako diskoa.
  • Bikotearen errepertorioko onena batzen duen diskoa herriko tabernetan (Aterpe, Ibai-Ondo, Kaia eta Orbea) eskuratu daiteke, 10 euroren trukean.

 
 
 
Ibilbide luzeko bikotea
Badaramate 19 urte Duo Plaentxi izenarekin, baina askoz urte gehiago abesten eta musika jotzen. Hasi, hirukote moduan hasi ziren (Trio Nubay) 1965. urtean. Ines Maiztegik osatzen zuen hirukotea.
Bi urte bakarrik iraun zuen Trio Nubayk, baina oroitzapen eta bizipen oso onak laga zizkien partaideei. Hala bada, han eta hemen jotzen jarraitu zuten Jesus Urizarrek (1949) eta Jose Luis Badiolak (1947), Duo Plaentxiren atzean dauden izenak.
Plaentxiarrak dira sortzez, baina Elgoibarren bizi dira aspaldian, bertara ezkondu baitziren.
1988an, Faustina Bascarani Eibarko Inaxio jatetxean egin zitzaion omenaldian parte hartu zuten eta hantxe egin zuten lehen agerraldia, Duo Plaentxi izenarekin.
 

1706641504735 'Duo Plaentxi' bikoteak estreinako diskoa atera du

Urte askoan handik hona emanaldiak ematen ibili ondoren, 65 urtera gerturatzen doazen bi musikariek, kanturik arrakastatsuenak batzen dituen diskoa kaleratu dute. Hamalau abestiz osatutako diskoa egin dute. Festa, bazkari, ezkontza eta abar alaitu ditu Duo Plaentxik, eta horregatik dira hain ezagunak gure herrian eta inguruko beste herri mordotan.
 
Rancherak eta boleroak 
Mexiko aldeko ranchera musika eta boleroak dira gehien bat diskoa osatzen dutenak. Abestiak aukeratzeko konplikazio larregirik ez zutela izan dio Jesus Urizarrek, “denetarik sartu dugu pixka bat, baina Hego Amerikako musika batik bat. En mi Viejo San juan, Veracruz, El crucifijo de Piedra eta beste hainbat”.

1706641504771 'Duo Plaentxi' bikoteak estreinako diskoa atera du

Ondarroako Santos Record estudioan grabatu zuten diskoa otsailean, Mikel Santosen gidaritzapean. “Diskoa grabatzearena aspaldiko kontua da. Beti egitekotan, eta beti atzeratzen. Azkenean sartu ginen estudioan eta 10 edo 12 bat ordu egin genituen bertan. Nahiko astuna izan zen, baina emaitzarekin oso gustura geratu gara”.
 
CDa herriko tabernetan salgai
10 euroko prezioa dauka eta herriko taberna eta jatetxeetan aurki daiteke taldearen izen bera daraman Duo Plaentxi bikotearen diskoa (Aterpen, Ibai-Ondon, Kaian eta Aterpen) Soraluze eta Azkoitiako tabernetan ere, besteak beste, aurkitu daiteke diskoa. 

CDaren portada. Duo Plaentxi bikotea eta atzean, Plaentxia, nola bestela?

CDaren atzekaldea. 14 abesti sartu dituzte.

 
 
 
 
 
 
 
 
 
Lehenengo argazkia: plaentxia.com