Jakin nahi al duzue Karakateko Igoeraren historia?

elgoibarren.net 2007ko aza. 16a, 12:12

Morkaikok eta Urgazik 1994. urtetik antolatzen duten Karakateko Igoerak indar handia hartu du azken urteotan. Bihar (azaroak 17) ere mordoa izango dira Karakatera igoko diren parte hartzaileak eta ikusleak.
  • Baina, ba al zenekiten, orain dela 26 urte elgoibartar batzuk (argazkian ageri direnak) ere igo zirela antxintxika Karakateraino? 1981eko San Anton eguna: Bi koadrilla Karakaten gora saltaka, bazkaria jokoan zutela...
Hona beraien istorioa.

 
1981. urteko urtarrilaren 17an, San Anton egunez, Elgoibarko zortzi gaztek honako apustua egin zuten: lau laguneko bi taldetan banatu eta ia ze taldek igotzen zuen bizkorrago Plaza Handitik Karakateko tontorreraino (taldekideen denborak batuta).

Honako elgoibartarrok osatzen zituzten taldeak:
 A taldea:
  • Ignacio Garate “Animarte”
  • Joxe Mari Aranzamendi “Katey”
  • Jose Ignacio Ulazia
  • Jeronimo Bollar
 B taldea:
  • Eulogio Arizmendi “Untzon”
  • Santiago Zigorraga “Ipintza”
  • Vicente Lazkano “Zartxuitza"
  • Pedro Ezkurra
 
Bazkaria jokoan
Txikiteoan zebiltzala, elkar zirikatzen, atera zen dema berezi hau egiteko ideia, “jokua egin baino bi hilabete lehenago” azaldu digu San Roke baserriko Jose Ignacio Ulaziak, parte hartu zuenetako batek. Afari bat jarri zuten jokoan. Denborak hartzeaz arduratu zen Ego-Toki elkarteko Fermin Arresek kontatu digunez, aurreko urtean, 1980an, Pedro Etxeberria elgoibartarrak 38 minutu eta 32 segundotan igo zen Karakatera. "Etxeberriaren marka hura izan zela txispa piztu zuena uste dot".
Taldeak osatu genituen, lau laguneko bi talde, eta entrenatzen hasi ginen. Hala ari ginela, Jose Mari Garatek hanka trokatu zuen eta apustua bertan behera lagatzekotan ere izan ginen”.
Ordezko bat topatzea erabaki zuten azkenean. Beste taldeak, Katey edo Borragenen artean aukera egin behar izan zuen, eta Katey sartu zen azkenean J.M. Garateren ordez.

Hotza eta izotza
1981eko San Anton Eguna “demaseko hotzarekin” argitu zen, “izotza ikus zitekeen non-nahi”. Apustuan parte hartu behar zuten 8 lagunak Plaza Handian agertu ziren, eta hauek ikustera herritar mordoa. “Ikusmin handia sortu zuen gure desafioak. Jende andana joan zen ikustera; bidean eta goian, tontorrean ere, 100 lagunetik gora izango ziren”.
Zer talde lehenago atera, “cara y cruz-ean” erabaki zutela dio Ulaziak. Txanponak A taldearen alde egin zuen, baina B taldearen atzetik irtetea erabaki zuten. Izan ere, atzetik irtenez gero, aurrekoen erreferentzia zeukaten.
Beste taldekoak bastoi eta guzti atera zirela akorduan dauka Ulaziak “Ezkurra masajista zuten eurekin, eta arek esango zien”. Pedro Ezkurrak, bere taldetik bizirik jarraitzen duen bakarrak, akorduan dauka norgehiagoka egin zutenean bera zela zaharrena, “58 urterekin” azaldu digu. “Gazteenak, berriz, Animarte eta Katey izango ziren, 40 urteren bueltan biak”.
 
A taldeak irabazi zuen

Argazkian apostua irabazi zuen taldea. Ezkerretik hasita: Jeronimo Bollar, J.M Aranzanmendi 'Katey', Ignacio Garate eta J.I. Ulazia

Azkenean A taldeak irabazi zuen apustua, baina ez askogatik. “ez zen bost minutura ailegatzen atera genien aldea, guztion denborak batu ondoren". Animarte heldu zen lehenengo tontorrera. Berriz behera jaitsi zen gero taldekideei animoak ematera, “ibili zaitxeste rapido, gauzia estukua daok-eta, berbaz-berba esan zigula akorduan daukat".
  • A taldearen denbora: 3 ordu 12 minutu eta 54 segundu
  • B taldearen denbora: 3 ordu 17 minutu eta 6 segundu
 
 
 
 
Hemen daukazue zortzi antxintxikalarien sailkapena:

1706641502279 Jakin nahi al duzue Karakateko Igoeraren historia?

Sailkapena:

  1. Ignacio Garate “Animarte” (42 min 28 seg.)
  2. Eulogio Arizmendi “Untzon” (43 min. 2 seg.)
  3. Joxe Mari Aranzamendi “Katey” (50 min. 3 seg.)
  4. Jose Ignacio Ulazia (50 min 5 seg.)
  5. Santiago Zigorraga “Ipintza” (50 min. 56 seg.)
  6. Jeronimo Bollar (50 min. 18 seg.)
  7. Vicente Lazkano “Zartxuitza” 51 min. 6 seg.)
  8. Pedro Ezkurra (52 min. 2 seg.)
*Fermin Arresek eman digu denboren berri, etxean gordeta baitzituen fin-fin.
Apustuaren amaieran, parte hartzaile guztiek Gure-Bide elkartean egin zuten bazkaria (argazkian). Jose Zabalak egin zituen sukaldari lanak eta oraindik gogoan dute hark prestaturiko afari goxoa.
 
  •    Karakateko Igoeraren inguruko informazio gehiago: