Operatu ahal izateko 48,9 egun itxaron behar dira, batez beste, Mendaroko Ospitalean

elgoibarren.net 2007ko aza. 21a, 13:22

Uztaileko azken egunetan itxaron behar ziren 59 egunekin alderatuz, 10 egunetan murriztu da Mendaroko Ospitalean operatu ahal izateko, batez besteko, itxarondenbora.
Orain, 48,9 egunetan dago batez besteko itxaronaldia. Alegia, Osakidetzaren menpean dauden ospitaleetako batez bestekoaren azpitik dago Mendarokoa.

Debabarreneko Nagusien Kontseiluak Mendaroko Ospitalak emandako datu ofizialak (urriaren 31ra artekoak) aztertu, ondorioak atera eta zabaldu egin ditu.
 
Operatu ahal izateko itxarondenborak 
Eusko Jaurlaritzak 2006ko irailean onartu zuen dekretuak arautzen du operatu ahal izateko itxaron beharreko gehienezko epe-muga.
  • 90 egun bihotzeko kirurgiarako
  • 30 egun onkologia kirurgiarako
  • 180 egun gainerako operazioetarako
  • Zailtasun gutxiko operazio zenbait epe-muga hauetatik kanpo daude
    * Epe-muga hauek gaindituz gero, pazienteek osasun-zentro pribatu batean, kosturik gabe, operatuak izateko eskubidea dute dekretuaren arabera. Mendaroko Ospitalean inork ez du aukera honetaz baliatu beharrik izan.
 
Mediku espezialistarako itxarondenbora
  • Debabarrenako pazienteek mediku espezialistarekin kontsulta egin nahi badute, 30 egunen azpitik itxaron behar dute, batez beste. Neurologia espezialistarengana joateko bakarrik itxaron behar da hilabetetik gora, batez beste.
  • Anbulatorioan, berriz, kirurgia, kardiologia eta traumatologia dira, ozta-ozta, hilabetetik gorako itxaroaldiak dituztenak.
  • Orotara, mediku espezialistarengana joateko batez besteko itxaronaldia Osakidetza sareko batez bestekoaren parekoa da.

Mendaroko Ospitaleko itxaron gunea.

Debabarreneko Nagusien Kontseilu
ko arduradunen iritziz, Mendaroko Ospitaleko zuzendaritzatik zerbitzua zabaldu eta hobetzeko “etenik gabe egiten ari diren ahalegina aintzat hartu beharrekoa da". Hala izanik ere, "honek ez du esan nahi, ordea, datu guzti hauek beharko luketen bezain onak direnik”. Honez gain, bailarako alkateek eta Udalek ospitaleek dituzten gabeziak zuzentzen eta gestionatzen lagundu behar dutela irizten diote. “Horrela bakarrik lortuko dugu Debabarenan bizi garen bizilagunon bizi kalitate hobea bermatzea”.
 
∞ Lotura duten albisteak: