Jose Antonio Osoro: “Kalean askok galdetu didate ea urduri nagoen”

elgoibarren.net 2007ko aza. 22a, 12:30

Hamabi urte eskas zituenean sartu zen Udal Musika Bandan. Dagoeneko 50 urte pasatu dira baina ilusioz heltzen dio oraindik hainbeste zirrara eragiten dion afizioari. Lehenengo omenaldia jasoko du, merezitakoa. Lehena eta bakarra. Ez du gehiago nahi. Gazteei paso eman behar zaiela uste du. Banda ere hiru urte barru lagatzekotan omen da.

   
 
 

1706641490489 Jose Antonio Osoro: “Kalean askok galdetu didate ea urduri nagoen”

2010
ean banda lagako du. Ez da musika mundutik erretiratuko, entzule fina ere badelako baina lasaiago bizitzeko garaia badela uste du. Patxadaz. Santa Zezilia Eguna musikariei gorazarre egiteko sasoia izan ohi da eta Jose Antonio “Katxo”ri iritsi zaio garaia bere lehenengo omenaldia jasotzeko.
 

-Herritar askok zoriondu zaituzte?
Bai, askok galdetu didate ea urduri nagoen. Momentuz ez, baina garaia heltzean ikusi behar. Agian orduan jarriko naiz urduri. Publiko aurrean egotera ohituta nago.

-Urduritasun gehiago izango duzu emozioa baino?
Ez dakit. Inork ez daki nola erreakzionatuko duen momentua heldu aurretik.

-Eta banda laga eta gero zer egingo duzu?
Ehiza ere gustatzen zait. Mendian ere gustura ibiltzen naiz. Urte asko dira bandan, eta garaia bada lagatzeko.

-Omenaldia Santa Zezilian bakarrik izan zitekeen, ezta?

Bai. Omenaldiak banda guztietan egiten dira. Garai honetan omentzen dituzte musikariak. Eibarren ere badaude bandan 50 urte bete dituzten bost musikari eta orain egiten zaie.

-Atzetik datozenak ere helduko dira 50 urte betetzera?
Bai, Elgoibarren bai behintzat. 40 eta 42 urte daramatzaten kideak badaude, ume-umetan sartu ziren batzuk. Ni naiz bandan beteranoena eta adinez ere zaharrena. Gero daude 30 eta 31 dituzten gazteak, hamairu edo hamalau urterekin sartu zirenak eta hor jarraitzen dute.

-Familia artekorik baduzu bandan?
Ez, lehen eduki nuen osaba.

ETBkoek Elgoibarko banda Plaza Handian grabatu zuteneko erretratua.

-Erakutsi dizkiguzu herrira ETBko kamerak etorri ziren garaiko erretratuak. Zertara etorri ziren?

Euskal Herriko herri askotara joan ziren eta musika bandak jarraitzen zituzten. Eibarren, Tolosan… izan ziren. Kontzertua grabatu zuten herriko plazan.
 
 


-Kontatzeko moduko bitxikeriarik gertatu zaizu?
Eibarko bandarekin hartu eman handia izan du Elgoibarkoak. Formatuta geundela, konturatu ginen batek ez zeramala txapelarik, garai hartan denok eramaten genuen eta. Autobusean laga omen zuen. Eibarko musika bandako batek entsegatzen zuten lekutik bat eman zigun. Txapel hori jarri eta gero, konturatu nintzen bere instrumentuari aho-pieza falta zitzaiola. Hura ere autobusean laga zuen baina alde egin zuen.

-Zu ez zara despistatua?
Ni beti begira egoten naiz, dena ea txukun-txukun dagoen. Itxuraz egon behar da, ez ardiak artaldean moduan. Jendeari seriotasuna gustatu egiten zaio eta publikoa ere motibatu egiten da. Fijatzen naiz musikaria nola datorren, ea jantzia oker ipinita duen.

-Musika ikuskizun asko ikusten dituzu?

Opera ez, baina Espainiako bandarik onenak ikusitakoa naiz: Valentziakoa, Madrilgoa…

-Nongoa da onena?
Valentziakoentzat Valentziakoa izango da, madrildarrentzat bertakoa eta Elgoibartarrentzat Elgoibarkoa. Madrilgoa dela esaten dute onena. Arriaga antzokian Bilbokoa ikusitakoa naiz. Denbora izanez gero, beti joaten naiz beste bandak jarraitzera. Asko ikasten da beste musika bandak ikusiz eta entzunez.

-50 urte luze bandan. Arin pasatu zaizkizu?

1974. urteko argazkia. Jantzi berriak estreinatu zituen Udal Musika Bandak

50 urte ez dira hain azkar pasatzen, kostata baizik. Azkar pasatu zaizkit zuzendari postuan pasatako ia 24 urteak. 12 urterekin hasi nintzen bandan. Ia bizitza guztia. Afizioa handia izan dut. Lagunak banituen futbolean eta ibiltzen zirenak baina nik musika nuen gogoko.
 
 

-Garai hartan ez zen ohikoa izango musikan jardutea?
Orduan musikan jarduten zuena bandarako zen. Beste batzuk elizako abesbatzan aritzen ziren. Nire gazte denboran, ez zegoen besterik: futbola, zinea eta musika plazan..

-Abesbatzan ere ibilitakoa zara?
Bai, egon nintzen elizakoan, baina bandan nahiago.

-Jasoko duzun lehenengo omenaldia izango da?
Bai, lehenengoa. Bat eta nahikoa.

-Eta bestea bandak 125 betetzen dituenean, ezta?

Bandari egingo zaio. Banda ez da zuzendaria bakarrik; partaide guztiak dira. Eta nik oso talde ona dut, jende ona, prestatua, eta arduratsua.

-Aurrekoek ere egindako lanagatik jarraitzen du Elgoibarko bandak.
Orduantxe nahi nuke banda lagatzea.

 -Erabakia hartuta dago?
Asmoa daukat. Askotan esaten diet lagako dudala, zahartzen ari naizela. Gainera gazteei paso eman behar zaie.

-Ondo prestatuta daudela diozu. Non dago sekretua?
Elgoibarren musika eskolan oso ondo prestatzen dituzte teknikoki.

-Gipuzkoan badaude musika eskola gehiago, baina gutxik dute harrobi hori. Zer pasatzen da Elgoibarren?
Musika eskola, abesbatza, banda, txistulariak, dultzaineroak, txaranga, musika eskolako banda, orkestra, soinu-joleak, trikitilariak… herri gutxik dituzte. Gipuzkoa guztiak Elgoibarkoaren maila izango balu, hobeto.

-Jarraitzalerik, publikorik ere ez da falta...
Guk Herriko Antzokian ematen ditugu kontzertuak, bat izan ezik, San Bartolome egunekoa, plazan jotzen baitugu. Gehienetan antzokia beteta egoten da.

-Plazan jotzea berezia izango da zuretzat, ezta?
Bai, gainera goizean egoten da kalejira, gero prozesioa…

-Tentaldirik edo eskaintzarik izan duzu beste herri batean bandako zuzendari izateko?

Ez, ez dut jaso nahi izan ere. Eibarren behin esan zidaten, baina ez ofizialki. Nik Elgoibar asko maite dut eta Elgoibarko banda gehiago.

1706641490625 Jose Antonio Osoro: “Kalean askok galdetu didate ea urduri nagoen”

-Musikari eta herriari beti lotuta egon zara...

Bai, bandaz aparte ere ibilita nago jaunartze eta ezkontzetan, erromerietan. Lajarekin, Angiozarko itsuarekin… jotakoa naiz. Tokatzen zena. Jatetxe batetik deitu eta hara joaten ginen.
 
-Ezkondu zinenean zein musika jo zuten?
Ez nuen ezer berezirik prestatu; ez naiz gogoratzen.

-Instrumentu kuttunena zein duzu?
Klarinetea eta saxofoia.

-Biak berdin?
Bandan klarinete-jolea izan naiz, gero saxofoiarekin ere bai. Klarinetea zailagoa da saxofoia baino, baina biak maite ditut.
 
-Entsegu asko egiten duzue bandan?
Astean behin.

-Nahikoa izaten da?
Ez, bi egun balira hobe, baina jendea ezin da etorri. Gu afizionatuak gara, baina musikari batzuek euren kontura entsegatzen dute eta gero entsegu orokorra bi ordukoa izaten da. Nahiko gogorra da. Bi entsegu jarri ezkero, jendea ez litzateke etorriko, bakoitzak bere zereginak ditu.

-Esaten da musikak piztiak ere lasaitzen dituela. Ados zaude?
Jotzen lasaitzen da jendea eta instrumentu-jolea izatea izugarria da sentimenduz jo ezkero behintzat. Futbola gustatzen zaionak futbolaria izan nahiko du eta Lehenengo Mailakoa bada, hobeto…

-Dirua barra-barra irabazteko…
Bai, gu ez gara aberats bihurtu. Afizioa handia daukagu. Ilusioa behar da. Lehenengo eguneko ilusioari eusten diot. Kontzertu bat heltzen denean zirrara hori sentitzen dut. Aurrekoek egin dutena hobetzen saiatu behar da.

-Zure aurrekoek ere lan handia egin dute.

Bai, bereziki Jose Zubiaurre “Ballek”. Beldurgarri egin zuen lana.

-Jendeak ere estimatu zuen...
Hark pasatu zituen itzelak. Baina bokazioa zuen.

-Idatzi edo konposatu duzu?
Ez, nirea zuzentzea izan da.

-Eta instrumentu guztiak berdin ezagutzen dituzu?
Ezagutu bai, baina jo ez, ulertu ulertzen ditut.

-Ulertzeko instrumenturik zailena?
Instrumentu zail edo errazarik ez dago. Baxua ere gustatzen zait, baina gaur egungo gazteek nahi dute melodia, edo trompeta, saxofoia… Banda batean denek ezin dute aurrelari izan.

-Musika modernoagoa jotzea ere eskatzen dute gazteek?

1706641490662 Jose Antonio Osoro: “Kalean askok galdetu didate ea urduri nagoen”

1706641490725 Jose Antonio Osoro: “Kalean askok galdetu didate ea urduri nagoen”

Gazteek bai. Hurrengo kontzertuan lau lan estreinako aldiz jotzen ditugu, eta konpositoreak modernoak dira. Klasikoa ere gustatzen zaie, baina kontzertu batean ezin da dena modernoa atera. Bazkari baten antzera, ez da komeni entsalada epela bakarrik ateratzea. Denetik egon behar du. Musikan berdin pasatzen da. Pasodoble bat jotzen duzu girotzeko eta gero obertura bat dator, jarraian klasikoa eta bukatzeko zarzuela bat eta modernoak. Modu horretan publiko guztiarekin ongi geratzen zara. Baina partiturak oso garesti daude.

-Ulertzen duzu zergatik?
Bai, demagun pelikula bat: El rey león edo Los piratas del Caribe… Egileak kobratzeko eskubidea du. Valentziako etxe batek esklusibitatea du Estatu osoan obra modernoak saltzeko eta katalogoak bidaltzen dituzte. Konpositoreak badaki berak 50 saltzen baditu, horietatik 250 pasatuko direla eta horregatik kobratzen dute garesti.

-Hamabi urterekin hasi eta lortu duzun guztia ikusita, harro zaude?
Bai, oso pozik eta pixkana-pixkanaka zuzendari izatea lortu dut.
Atrilean nagoenean zuzendaria naiz eta hortik jaistean laguna.
 
Testua: Andoni Iturbe
Argazkiak: Jose Antonio Osoro eta Julian Azkue.