Joan zen udan amaitu zituen Oier Oñederra elgoibartarrak Industri Ingeniaritza Tekniko ikasketak, Industri Elektronika Espezialitatean, Eibarko Industri Ingeniaritza Teknikorako Unibertsitate-Eskolan (EHU-UPV).
Gaur egun, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan dihardu ikasketak sakontzen.
- Saria: Ikasten pasatako orduen trukean 1.050 € eta diploma jaso zituen sari modura Oier Oñederrak.
Industri Ingeniaritza ikasketak (5 urteko karrera eta proiektua) amaitu zituen irailean Mikel Armendia (24 urte) elgoibartarrak Mondragon Unibertsitatean (MU). Sari hau jasotzea ezuste handia izan dela azaldu digu Mikelek, "ez nuen inola ere espero". Elgoibartarra da fio ikasten orduak eta orduak pasa gabe nota onak atera dituztela dioen jendeaz. "Niri behintzat asko kosta zait, ordu asko pasa behar izan ditut ikasten" aitortzen du. "Asteburuetan ere bai, azken ikasturteetan, batez ere".
Doktoretza ateratzen ari da orain buru belarri Arrasaten bertan. "Platinoaren mekanizatua ikertzen arituko naiz datozen hiruzpalau urteetan. Asko erakartzen nauen alorra da". Doktorego-tesia egiteko asmoa ere azaldu digu. Ikerkuntza betidanik atsegin izan du eta "litekeena da nire etorkizuna bertara bideratzea. Gipuzkoan indarra hartzen ari da eta etxe ingurutik aldendu gabe jardun ahal izango nuke ikerkuntzan".
- Saria: Ikasten pasatako orduen trukean 1.350 € eta diploma jaso zituen sari modura Oier Oñederrak.
Karrera Amaierako Sariak
Kutxaren Karrera Amaierako Sariak (31. edizioa aurten) banatzearen helburua gipuzkoar ikasleen artean, ikasketa unibertsitarioak amaitutakoan, espedienterik onenak dituztenak saritzea da, karrera bakoitzean eta Gipuzkoako campusetako Fakultate, Unibertsitate Eskola eta Goi Eskola Teknikoetako bakoitzean.
Prozesu osoa kutxa eta unibertsitate-zentroen artean egiten da zuzenean eta beste inoren parte-hartzerik gabe.
Emakumeek nota hobeak, nabarmen
Aurten saritutako 42 ikasleetatik 27 emakumezkoak dira, eta 15 besterik ez gizonezkoak. Mondragon Unibertsitatean oraindik ere nabarmenagoa da aldea; saritutako hamar ikasle emakumeak dira eta bi gizonezkoak.