Gabonetako gospel kontzertua abenduaren 21ean

elgoibarren.net 2007ko abe. 10a, 10:36

Apuntatu agendan: Gabonetan Mississippiko gospel onenaz gozatzeko parada izango dugu, Black Heritage Singers taldearekin.
  • Noiz: abenduaren 21ean, Herriko Antzokian (22:15). *Sarrerak aurrez salgai, Kultur Etxean.

 


Talde ospetsua eta saritua
Mississippi Mass Choir formazio afroamerikarratik, AEBetan sari gehien lortu dituen taldeetako batetik, sortu zen Black Heritage Singers. Era berean, Children of Israel eta Black Heritage Choir taldeekin ere elkarlana egin du.
Formazio ospetsu honek arrakasta handia lortu du hasieratik, bai herrialde estatubatuarrean bai atzerrian ere.
  • 2004an, esate baterako, bira garrantztsu bat eskaini zuten Espainian: Madrileko Centro Cultural de la Villan, Bartzelonako Palau de la Musican, Konpostelako Nazioarteko Musika Jaialdian, edo Donostiako Kursaal Auditorioan egon ziren besteak beste.
  • 2005ean Caja Españako XV. urteurrenean parte hartu zuten, Gaztela eta Leongo katedraletan kontzertuak emanez.
Izen handiez osatutako taldea

1706641464285 Gabonetako gospel kontzertua abenduaren 21ean

Black Heritage Singers
taldea gospeleko izen handiez osatutako taldea da: Rhonda O´neshia Chambers, Stephen M- Johnson eta Alisa Patrick bakarlariak, Barry Bolden bateria-jolea, Dominic Torrae Thigpen baxu-jolea, eta Jerry Smith konpositorea, moldatzailea, musika-zuzendaria, abeslaria eta piano-jolea.
Abeslariak:
  • Rhonda O´neshia Chambers: Jacksonen jaioa (Mississippi). Tougaloo College-en musika ikasketetan graduatuta,. Bere ibilbidean, William Brothers, The Canton Spirituals, Doug Williams edo Beverly Crawford-ekin abestu du. Jackson Music Award sarietan Korista Onenaren saria jaso zuen.
  • Stephen M- Johnson: Jacksonen jaioa (Mississippi). Musika ikasketak burutu zituen Tougaloo Collegen eta Master of Arts egin zuen Jackson State unibertsitatean. Greater Fairview Baptist Church elizaren bazkidea eta kongregazio horren abesbatzaren zuzendaria da. Mississippi Children’s Choir taldean bakarlari onenaren saria eman zioten.
  • Alisa Patrick: Jacksonen jaioa, (Mississippi). Mississippi Mass Choir abesbatzaren ahots-altuen burua da. Children of Israel taldearen kidea da, eta musika tailerretan parte hartzen du maiz. The William Brothers, Gladys Knight eta Walter Hawkinsekin lan egin du. Bere azken partaidetza Take Me Back: A Musical Tribute To The Civil Rights Movement lanaren ekoizpenean izan da.
  • Jerry Smith: Jacksonen jaioa, Mississippin. Gospel musikarekiko griña bere amagandik datorkio. Izan ere, bere amak Jacksoneko Anderson elizako abesbatzan kantatzen zuen. Frank Williams XX. mendeko gospel-ahots esanguratsuaren jarraitzaile preziatuenetakoa da Smith. Bere ibilbidean musikaren teoria irakaslea izan da Jackson State Unibertsitatean, organo-jolea Grater Fairview Missionary Baptist Church elizako abesbatzan, hainbestetan saritua izan den Mississippi Mass Choir-en musika zuzendaria, bai eta Children of Israel taldearen burua ere. Talde honekin zegoenean, Canton Spirituals, Rev. James Moore edo Williams Brothers maila handiko abeslariekin lan egin eta grabatu du.

Gospela: musika espiritualaren atal freskoena

1706641464313 Gabonetako gospel kontzertua abenduaren 21ean

Amerikan bizirik dirauten musika herrikoien artean, “beltza espirituala” da gehien zabaldu dena. Bere atal freskoena, gospela alegia, elizetan zein kontzertu aretoetan sartu da, Dvorak edo Virgil Thompson bezalako konpositoreak inspiratuz eta mundu guztiko eskoletan zein abesbatzetan erabat errotuz.

Gospeleko doinuak egungo herri-musika guztietan barneratuta daude. Nazioarte mailako izar handi askok eta askok, lan handia zor diote mende luzeetan gospela garatu duten musikari anonimoei. Eta ez hori bakarrik! Aretha Franklin, Ray Charles, Jacksontarrak edo James Brown bezalako izen handiak eliza beltzetatik sortuak dira. Izan ere, historian zehar, gospelak egungo musika korronte bizienak hartu ditu bere baitan: jazz-a, blues-a, country-a edo hip hop-a esate baterako.