Egitarau zabala 'Danobateko I. euskararen egunean

elgoibarren.net 2007ko abe. 11a, 13:44

 
Danobateko langileek Danobateko I. euskararen eguna ospatuko dute barixaku honetan (abenduak 14). Egitarau zabala prestatu dute.

Euskararen Nazioarteko Eguna joan zen abenduaren 3an izan bazen ere, ospakizunetarako egun aldrebesa, astelehena, tokatu zela-eta, Danobat enpresakoek ospakizunak zertxobait atzeratu eta Danobateko I. euskararen eguna antolatzea pentsatu dute.
Hona, abenduaren 14rako prestatu duten egitaraua:
  • Olinpiadak: herri kirol edo jokoak (Lasturren egingo dituzte lanetik ateratakoan)
  • Triki-poteoa: poteoa trikitilariekin (Elgoibarren)
  • Bertso-trikiti afaria Andoni Egaña eta Irazu bertsolariekin (Gure-Bide soziedadean)
Danobatetik azaldutakoaren arabera, zortzi edo bederatzi urte pasa dira jada, euskararen erabilera eta ezagutza enpresa barruan bultzatzeko euskara plana abian jarri zutenetik. Urte hauetan guztietan, batez ere, irizpideak, arauak eta beste hainbat gauza bateratzeko lanean jardun dute. Izan ere, langilegoaren %78a da euskalduna Danobaten, baina eguneroko lanean zailtasun eta oztopo bat baino gehiagoren aurrean aurkitzen dira horiek euskaraz lan egin nahi badute. Berba teknikoekin eta bezeroekin izan beharreko hartu-emanetan sortzen dira euskaraz jarduteko zailtasun gehien.
Zailtasunok gainditzeko bi tresna nagusi sortu zituzten Danobaten:
  1. Hiztegi teknikoa (pdf)
  2. Eskuliburu teknikoa (pdf) 
 
  Lotura duten albisteak: