PSE-EEren egoitza eraso eta ate aurrea erre dute

elgoibarren.net 2007ko abe. 13a, 14:34

(Azken ordua: Udaleko Bozeramaileen Batzordeak bere gaitzespena adierazi nahi du sozialisten egoitzaren aurka egindako erasoagatik. Gaitzezpen testu gustia albistearen amaieran aurkituko duzue.)
Ezezagun batzuek PSE-EE alderdiak Urasandi auzoan duen egoitza eraso dute bart (abenduak 13) gauerdian, 00:30ak aldean.
Ovidio Campello, Elgoibarko PSE- EE alderdiko Idazkari Nagusiak eta alderdiak Udalean duen bozeramaleak, "atentatua sutsuki" kondenatu du eta EAE-ANVri "isilik ez geratzeko eta indarkeria salatzeko" eskatu dio. 

 
Pneumatiko bat erabili dute egoitza aurreari su emateko
Erasoaren egileek auto baten pneumatikoa erabili dute PSE-EEren egoitzari kalte egiteko. Pneumatikoa likido errekor batez zipriztinduz lortu dute suaren kaltea areagotzea. Suhiltzaileek itzali behar izan zuten sua. 
  • Kalteak: egoitzaren pertsiana kiskaltzeaz gainera, inguruko paretak zeharo belztuta geratu dira eta beroaren eraginez leihoetako beira batzuk lehertu egin ziren.
 
Elgoibarko PSE-EEk erasoa salatu du
Hona Ovidio Campello, Elgoibarko PSE-EEko zinegotziak eta bozeramaileak erasoaren ostean egin dituen adierazpenak.
"Atentatu hau gora behera, ez dute lortuko sozialistok bakearen alde eta terrorismoaren aurka hartu dugun bidean milimetro bakar bat ere desbideratzea. Gure printzipio demokratikoen irmotasunak bere horretan darrai. ETAk beti izan gaitu aurrez aurre, sekula ez dugu begirada jaitsi, ezta atzerapauso bakar bat ere eman. Orain ere horrela topatuko gaituzte, irmo eta sendo, indarkeriari borroka irabazteko asmoan". 
 
Agintari sozialistak, "PSE-EEko kargu publikoak beldurtzeko asmoz sozialiston aurka egin den ekintza koldarra" izan dela nabarmendu nahi izan du. "Egileak justiziaren eskuetan jar ditzatela espero dugu" gaineratu du. "ETA eta ETAri babesa ematen diotenek jakin badakite indarkeriaren bideak helmuga bakarra duela, kartzela".
 
EAE-ANVren gaitzespena eskatu du
EAE-ANV alderdiaren gaitzespena ezinbestekoa dela eskatu du Campellok. "isilik ez geratzea eta indarkeria salatzeko eskatzen diegu. ANVk ezin du isilik jarraitu. Estatutuetan indarkeria gaitzesten duela baieztatzen duen alderdi batek honelako ekintza baten aurrean inolako erantzunik ez ematea ulertezina egiten zaigu"
 
Ez da lehendabiziko aldia
Honakoa ez da Elgoibarko Elkarte Sozialistak jasaten duen estreinako erasoa.
Argazkia: Aitor Zabala
 
  Elgoibarko Udaleko Bozeramale Batzordearen gaitzespena

Elgoibarko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak bere gaitzespena adierazi nahi du, abenduaren 13an, Elgoibarko sozialisten egoitzaren aurka egindako erasoagatik. Hori dela-eta, honako aldarri hau egin nahi du:
  1. LEHENENGOA.- Abenduaren 13an, goizaldean, udalerri honetako Casa del Pueblo delakoak jasan duen erasoa gaitzestea. Horrelako ekintzekin inoiz ez da lortuko demokrazia makurraraztea.
  2. BIGARRENA.- Alderdi Sozialistari, bere kargu publikoei, militanteei eta aldekoei gure elkartasuna eta laguntza eskaintzea. Onartezinak dira alderdi politikoetako egoitzen, pertsonen edo instituzioen aurkako atentatu, mehatxu eta indarkeria guztiak; izan ere, herritarren askatasunaren aurkako eraso zuzenak baitira.
  3. HIRUGARRENA.- Ekintza horiek guztiak askatasunaren, elkarbizitzaren eta pertsona guztien segurtasunaren aurkako mehatxuak direla berrestea. Zera eskatu nahi diegu ETAri eta bere sortzaileei: desager daitezela, eta Elgoibarko herritarren bake nahiei erantzun diezaietela.
  4. LAUGARRENA.- Indar demokratiko guztien batasuna eskatzea; hori baita indarkeriari eman dakiokeen erantzunik onena.
  5. BOSGARRENA.- Elgoibarko herritarrei, atentatu honen aurka , beraien gaitzespena adierazteko deialdia egitea. Gaur, berriro ere, ezinbestekoa da indarkeriaren aurkako arbuioa adieraztea eta bakearen aldeko apustua egitea.