Hala, hasten naiz erdi ametsetan, izen hau edo bestea jarri zutenean zer ote zerabilten buruan. Konparazio baterako, Danobat izenak ez du sekretu handirik ezkutatzen, jolaserako aukera handiagoa ematen dute Aisiakin edo Etxe-Tar-ek. Etxeberrizabal baserria, inoiz berria eta zabala izango zen, Urasandik, ibaiaren bestaldean behar zuen, zer ote zen ordea Hizkuntza baserriari izena eman ziona?
Duela bi mende ipini omen zizkieten gure baserri auzoei San Lorentzo, San Migel, San Antolin, San Roke eta San Pedro izenak. Gerra eta konkistetan ohikoa zen garaileek leku izenak aldatzea, eta elizak ere nonbait konkistatzailearen legea. Pozez hartu nuen nik auzo hauentzat lehengo izenak berreskuratzea, hala nola, Ermuaran, Aiastia, Arriaga, Azkue eta Idotorbe. Nondik ote Idotorbe?
Badira herrian izen sugerenteak, Pedrusco, Kartutxo, Zarta edo Ongarri, bai eta zatar askoak ere, IMH kasu. Hala ere, bada bat bereziki itsusi eta desegokia begitantzen zaidana. S a n l o. Ez dakit den gazteleraz pentsatua delako, edo den santu izena daroalako edo den nire baitako drakula partikularrarentzat propio egindako gurutzea, baina izen onek, nire sen talibanenak jartzen ditu dantzan.